Itxaronaldi luzea dira hiru urte; baina ez dira nahikoak, noski, aranoarrek Santio Jaiak ahazteko. Ez jaiak, eta ezta haien berezko izaera ere. Betiko giro jatorrarekin bueltatuko dira Santioak, larunbat honetan; eta hiru egunez izanen da zerekin gozatua, goizetik gauera.
Larunbat eguerdiko txupinazoak denak saltoka jarri aurretik, ez da faltako urteroko Mus Txapelketa ere, ostiral gauean, San Roke elkartean. 38garrenez emanen die ongietorria txapelketak, Santio Jaiei.
Ohiko ekintzak eta nobedade politak, aurreneko egunean
Eguerdiko 12:00etan botako dute txupinazoa larunbatean, hiru eguneko festa potoloaren abiapuntu gisa. Eta segidan, feriari emanen diote hasiera. Jaien aurreneko egunean jarriko dute aurten, eta 17garren edizioa izanen du. Horrekin batera, ez da faltako Patata Tortilla Txapelketa ere, batzuek lehiatu eta besteek gozatu eginen dutena.
Gorritiren ikuskizunak emanen dio hasiera arratsaldeari, eta orduan iritsiko da, ohiko ekintzen tartean, nobedade polit bat: kontzertua eskainiko du Valentina Dontsova pianojoleak, elizan. Ukrainatik Aranora etorri direnetako bat da Dontsova, han gerra lehertu zenean.
Musika doinu atseginez gozatu ondoren, herri afaria eginen dute larunbat gauean, eta Izer eta Alabier musikariak arduratuko dira, beste urte batez, ondorengo erromeria girotzeaz.
Ez dira nolanahikoak izanen, hurrengo bi egunak ere. Igandean, Umore Ona taldeko dantzarien emanaldiak eta haurren esku pelota partiduek girotuko dute goiza, eta apar festa erraldoia izanen da protagonista arratsaldean: duela hiru urte, futbol zelaia bete zuten aparrez... Gainera, erromeria gidatuarekin bukatuko dute eguna, Bitartean folk taldearen eskutik.
Eta Santio Egunak ere ez du hutsik eginen, ohikoa bezain arrakastatsua izaten den egitarauarekin. Meza eta jubilatuentzako hamaiketakoa izanen dira goizean, eta esku pelota partidu ederrez gozatzeko aukera eguerdian; tartean, Arano eta Goizuetaren arteko lehia klasikoa. Eta arratsaldean, bi zita potente: herri kirolak, eta maila haundiko bertso saioa, aurtengo Santioak borobiltzeko.
EGITARAUA
UZTAILAK 22, ostirala
22:00, 38. Mus Txapelketa, San Roke elkartean
UZTAILAK 23, larunbata
12:00, Txupinazoa, udaletxeko balkoitik
Ondoren, 17. Azoka eta Patata Tortilla Txapelketa
17:00, Gorritiren ikuskizuna
19:30, Valentina Dontsova pianojolearen kontzertua, elizan
21:00, Herri afaria
Ondoren, Izer eta Alabierrekin erromeria
UZTAILAK 24, igandea
11:00, Umore Ona taldeko dantzarien emanaldia
12:00, Haurren esku pelota partiduak
17:00, Apar festa
18:00, Txokolatada
18:30, Bitartean folk taldearen eskutik, erromeria gidatua
UZTAILAK 25, astelehena
Santio Eguna
11:00, Meza
Ondoren, Jubilatuentzako hamaiketakoa, Kontsejun
12:30, Kadete mailako esku pelotarien partidua: X.Iturbe-M.Leonet/O.Legarreta-E.Elizegi
Ondoren, Helduen esku pelota partidua:
Olaizola-Lizeaga (Arano)
Apezetxea-Apezetxea (Goizueta)
17:00, Herri kirolak
19:30, Bertso saioa: Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi, Jone Uria eta Sustrai Colina
Gai-jartzaile: Maider Ansa