Mingañe Saltsan bertso-sariketako azken kanporaketa saioa izanen da gaur, elkartean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 00:00
Leitzako Torrean izanen da finala maiatzaren 27an.

Arratsaldeko 21:00etan hasita, bertsotan ariko dira sei bertsolari. Finala maiatzaren 27an izanen da, Leitzako Torrea tabernan, 21:00etan.

Mingañe Saltsan bertso-sariketa antolatu du Leitzako bertso-eskolak, eta gaur izanen da hirugarren eta azken kanporaketa. Aranon jarri dute hitzordua, elkartean, iluntzeko 21:00etatik aurrera. Sei bertsolari ariko dira bertan: Aitor Etxezarraga, Oihana Bartra, Ekhiñe Zapiain, Joanes Illarregi, Iban Urdangarin eta Eneritz Artetxe.

Berezia da bertso-sariketa. Izan ere, antolatzaileek azaldu dute «afari girokoa eta lagunartekoa» dela. Hori horrela, giroa, behintzat, ziurtatuta egonen da gaurkoan.

Orain arte, bi kanporaketa jokatu dira: lehena, Uitzin eta, bigarrena, Berastegin. Bertan parte hartu dute Jexux Mari Irazuk, Xabier Legarretak eta Asier Azpirozek. Antolatzaileek aipatu dutenez, sariketa honen oinarrietako bat da «saioak inguruko herrietara ere zabaltzea», eta horrexegatik aukeratu dituzte Leitza inguruko herriak. Horrez gain, herriko bertsozaletasuna indartzea ere bilatzen du ekimenak: «txapelketetan, Leitzan jendea mugitzen da; baina, ohiko bestelako saioetan, berriz, ez horrenbeste, eta mugimendu hori indartzea ere nahi izan dugu». Era berean, bertsolarien hautaketa, «adin, estilo eta plazako askotariko presentziak» uztartzea bilatu dute.

 

Finala, Leitzan

Bertso-sariketako finala maiatzaren 27an izanen da, maiatzeko azken larunbatarekin, Leitzako Torrea tabernan, iluntzeko 21:00etan hasita. Leitzako bertso-eskolak azaldu duenez, «aspalditik» zeukaten horrelako sariketa bat antolatzeko gogoa, eta gustura daude orain arteko emaitzekin. Hain zuzen, Xabat Illarregi bertso-eskolako kideak azpimarratu du ekimenak «oso harrera ona» izan duela «bai bertsolarien artean, bai inguruko bertsozaleen artean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!