Bertso sariketa berezia antolatu du Leitzako bertso eskolak, Mingañe Saltsan izenarekin, «afari girokoa eta lagunartekoa». Hiru kanporaketa eta finala izanen ditu, eta Aranon jokatuko da kanporaketetako bat, hirugarrena. Ostiralean, maiatzaren 13an, izanen da hori, elkartean, 21:00etan hasita. Sei bertsolari ariko dira bertan: Aitor Etxezarraga, Oihana Bartra, Ekhiñe Zapiain, Joanes Illarregi, Iban Urdangarin eta Eneritz Artetxe.
Askotarikoak izanen dira, saio bakoitzean osatu beharreko lanak ere: ofizio asko, puntuak, gai orokorrak... Baina bakarkako lanik ez dute izanen, «giroa arintze aldera». Aurreko bi kanporaketak, berriz, Uitzin eta Berastegin jokatu dira eta bertan Jexux Mari Irazu, Xabier Legarreta eta Asier Azpirozek hartu dute parte.
Finala, maiatzaren 27an,
Leitzan jokatuko da
Kanporaketetako bertsolari onenek, maiatzaren 27an jokatuko dute finala, Leitzako Torrea tabernan, 21:00etan hasita. Leitzako bertso eskolak azaldu duenez, «aspalditik» zeukaten horrelako sariketa bat antolatzeko gogoa, «gure estilora, lagunarte giroan eta afari baten bueltan antolatutakoa, entzutera doan jendeak eta kantatzen duten bertsolariek gozatzeko moduko formatuan».