Bertso sariketa berezia antolatu du Leitzako bertso eskolak, Mingañe Saltsan izenarekin, «afari girokoa eta lagunartekoa». Hiru kanporaketa eta finala izanen ditu, eta Aranon jokatuko da kanporaketetako bat, hirugarrena. Maiatzaren 13an izanen da hori, elkartean, iluntzeko 21:00etan hasita. Sei bertsolari ariko dira bertan: Aitor Etxezarraga, Oihana Bartra, Ekhiñe Zapiain, Joanes Illarregi, Iban Urdangarin eta Eneritz Artetxe.
Aurreko bi kanporaketak, berriz, Uitzin eta Berastegin jokatuko dira, eta bietan izanen da Urumea bailararekin lotura duen bertsolaririk. Apirilaren 29an jokatuko da Uitzikoa, aurrenekoa, 21:00etan hasita elkartean; eta Xabier Legarreta aranoarra ariko da bertan, beste bost bertsolarirekin batera: Eneko Lazkoz, Iñigo Gorostarzu Etxorde, Jone Uria, Paule Loizaga eta Ander Fuentes Iturri.
Eta bigarren kanporaketa, maiatzaren 6an izanen da, Berastegiko aretoan, 21:00etan hasita. Hernaniko bertso eskolako bi kide izanen dira tartean, Asier Azpiroz eta Jexux Mari Irazu; eta beste lau bertsolarirekin batera ariko dira: Josu Sanjurjo, Sarai Robles, Maddi Ane Txoperena eta Beñat Iguaran.
Kanporaketetako bertsolari onenek, maiatzaren 27an jokatuko dute finala, Leitzako Torrea tabernan, 21:00etan hasita.
Adin, estilo eta plazako presentzia ezberdinetako bertsolariek, «nahasketa erakargarria»
Leitzako bertso eskolak azaldu duenez, «aspalditik» zeukaten horrelako sariketa bat antolatzeko gogoa, «gure estilora, lagunarte giroan eta afari baten bueltan antolatutakoa, entzutera doan jendeak eta kantatzen duten bertsolariek gozatzeko moduko formatuan».
Saioak inguruko herrietara zabaldu nahi izan dituzte, eta «herriko bertsozaletasuna» indartzea ere bilatu dute sariketarekin: «txapelketetan jendea mugitzen da, baina ohiko bestelako saioetan ez horrenbeste, eta mugimendu hori ere indartu nahi izan dugu».
Parte hartuko duten bertsolariei dagokienean, azaldu dute «adin, estilo eta plazako presentzia desberdinak» uztartzen saiatu direla, «nahasketa arraro bat ez, baizik eta erakargarria eginez. Plazan dabilen jendea, urrunxeago edo erdi utzita daukana, gazteak, beteranoak... Nahasketa hori bilatu nahi izan dugu».
Askotarikoak izanen dira, saio bakoitzean osatu beharreko lanak ere: ofizio asko, puntuak, gai orokorrak... Baina bakarkako lanik ez dute izanen, «giroa arintze aldera».