Herri oso bat «inplikatuta eta antolatuta», Ukrainako gerratik ihesi etorritakoei laguntzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 3a, 00:00

Ukrainako haurrak autobusean sartzen, eta haien amak begira, Xalto eskolara joan ziren aurreneko egunean.

Ukrainako lau familia iritsi ziren duela hiru aste Aranora, herrian bizi den ukrainar baten bitartez. Haiei laguntzeko, herritarrek erakutsi duten borondatea goraipatu du Joxan Ruiz alkateak.

Ohikotik gutxi izan du azkeneko hilabeteak, Aranon. Duela hiru astetik, lau familia gehiago bizi dira herrian: lau emakume eta zazpi haur, Ukrainatik etorriak, gerratik ihesi. Eta ordutik, herri osoa inplikatu da, haiei laguntzeko, behar duten guztiarekin.

Aranon bizi den ukrainar baten bitartez iritsi dira bertara, lau familiak. «Gerra hasi zenean, Lubari deitu nion, elkartasuna adierazteko, eta galdetzeko zer moduz zegoen, eta nola zeuden bere familia eta gertukoak», kontatu du Joxan Ruiz alkateak: «eta esan nion, edozertan laguntzeko aukerarik bagenuen, esateko». Bueltan deitu zion Lubak: bere inguruko hiru familia bidean ziren, eta Aranon ba ote zegoen etxerik haientzat? «Bila hasi ginen berehala, eta aurkitu genuen pisu bat, Aranoko gizon batena, libratzera zijoana. Hiru hilabeterako utzi digu».

Hiru familia haiek Poloniara pasa ziren, baina ia astebetez geratu ziren harrapatuta. Eta bitarte horretan, beste familia baten berri izan zuen Lubak, ordurako Oiartzunen zegoena, baina lo egiteko tokirik ez zeukana. «Eta esan genien etortzeko berehala». Martxoaren 8a zen, eta arratsalde hartan iritsi ziren, emakume bat eta bi ume. Hiru logela eta egongela dauzka etxeak, eta beraz, laugarren familia horrentzako egokitu zuten egongela. «Lekua ez da haundia, baina oso gustura daude beraiek». Lau egun beranduago iritsi ziren, azkenean, beste hiru familiak.

Egoera horretan, haiei laguntza emateko herritarrak antolatzearen beharra ikusi zuten: «herri bilera bat egin genuen, eta antolatu genuen zer egin genezakeen, laguntzeko. Izan ere, ez da erraza nola lagundu asmatzen; ikasten ari gara. Askotan, lagundu nahi eta arropaz betetako bi maleta eramaten dizkiegu, baina agian ez da hori behar dutena. Galdetu egin behar zaie», azaldu du. Hasieran, esaterako, «lasaitasuna» zen, etorri berriek nahi zuten bakarra: «sekulako estresa zeukaten, ez zekiten nora zetozen, zein ginen, eta zer gertatuko zitzaien. Beraien aurpegietan nabari zen, ziurgabetasun haundia zutela». Lasaitasun hori eman nahian, aurreneko familia iritsi zenean, saio bat antolatu zuten Maisuenean, «ezagutzera emateko non zeuden». Herriko hiru-lau ume gerturatu ziren, Ukrainako haur gazteenarekin hasi ziren jolasean... «Eta emakumeari aurpegia aldatu zitzaion. Herria eta herritarrak ezagutzen hasi dira, eta konturatu dira herria antolatu dela beraiei laguntzeko».

Lasaitasunaz gain, etxea eta janaria dituzte oinarrizko beharrak; baina horrekin batera, «konexioa» ere behar dute, interneta: «bere familiarekin eta bere herriarekin konektatuta egon behar dute, jakiteko zer ari den gertatzen beraien inguruan».

Haiei laguntzeko, herritarrek erakutsi duten borondatea goraipatu du alkateak: «denek lagundu dute, gauza batean ez bada bestean. Eta zerbait falta zaienean, berehala eskaintzen du norbaitek. Luba eta ni gara haiekin harreman zuzenagoa daukagunak, zer behar duten jakiteko. Eta whatsappeko taldean zerbait eskatu, eta oso azkar mugitzen da jendea, ikaragarria da. Oilaskoak hil dituenak, bi ematen dizkie; baratzean dabilenak, patatak eta barazkiak; Goizuetara joan behar badute, beti dago norbait eramateko prest...».

Aurorarenean, ogia banatzen duen tokian, kaxa bat ere jarri dute, dirua emateko; eta horrekin, asteroko erosketak ordaintzen dituzte. «Elikagai Bankuan ere eman dugu haien izena, eta datorren astetik aurrera ekarriko dizkiete elikagaiak».

Haurrak Xalto eskolan, eta helduak lan bila

Administrazio kontuekin ere lagundu diete lau familiei. Gizarte Zerbitzuekin eta Gurutze Gorriarekin izan zuten aurreneko kontaktua, eta Udaleko tramiteak burutu ondoren, Iruñeara joan ziren, Nafarroako Gobernuko Inmigrazio Sailera, NIEa (Atzerritarren Nortasun Agiria) eskuratzeko, babestutako behin behineko baimena jasota.

Hori horrela, osasungintza ziurtatuta daukate, eta haurrak eskolara joan daitezke dagoeneko, eta aurreko ostiralean izan ziren aurrenekoz Goizuetako Xalto eskolan: «oso kontentu daude, eta ikaragarri ari dira ikasten. Bigarren egunean herrira bueltatu, eta euskerazko zenbakiak arrapaladan kontatzen zizkiguten».

Helduentzat, berriz, lan munduan sartzea da hurrengo pausoa: «baina egoera oso berezia da. Bakarrik daude familia zaintzeko, eta behar dugu beraien bizi antolaketara egokitutako lanpostuak izatea. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartean izan ginen, zuzendariarekin; eta esan zigun nahikoa lan badagoela hemendik aurrera. Baina noski, tokatzen bazaie taberna batean Donostian edo hernanin, arratsaldetik gauera... Hasteko, hara joan beharra daukate; eta gainera, familia bat daukate zaintzeko. Horregatik, saiatzen ari gara enpresa haundiekin harremanetan jartzen, ikusteko ea posible den goizeko txandan edo lanaldi murriztuan aritzea», dio alkateak.

Ukrainan lanpostu onak zituzten herritarrak dira, «egun batetik bestera dena galdu dutenak. Batzuek, Ukrainan zeukaten etxea saldu dute lau pezetatan; pentsa, etxea salduta lortu duten diruarekin, ez zaie iristen hemen etxe baten alokairuaren fiantza ordaintzeko ere». Gainera, alkateak dio hona etorri eta laguntza jasotzea ere «kolpekoa» izan dela haientzat: «hasieran lotsa ematen zien eskatzeak. Hori ere kudeatu egin behar da. Ikusi dute herriak elkartasunez lagundu nahi izan diela, baina behar dute sentitu, beraien lanaren bitartez lortzen dituztela gauza batzuk. Erosteko aukera izan, haurrei zerbait eman...».

Etxe bila ere ari dira dagoeneko: «hiru hilabete azkar pasatzen dira, eta inguruan alokatzeko etxeak bilatzen ari gara», dio alkateak. «Batzuek esperantza daukate, hiru hilabetetan Ukrainara bueltatzeko; baina beste batzuek oso zaila ikusten dute bueltatzea, han ez zaielako ezer geratu».

Bitartean, ahal duten guztian lagunduko diete aranoarrek: «laguntza eskatu digute, eta ahal izan dugun neurrian eman diegu. Munduan badaude gatazka pila bat, eta beste edozein tokitatik etorriko balitzaizkigu laguntza eske, berdin-berdin lagunduko genieke, guri egoera horretan egonda gustatuko litzaigukeen moduan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!