San Martin eguna ospatzeko, bertso jarri musikatuek girotuko dute larunbateko afaria

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 8a, 00:00
Eñaut eta Unai Agirre, Hernanin, 'Auskalo zeinek jarriak' emanaldiarekin.

'Auskalo zeinek jarriak' emanaldia eskainiko dute Unai Agirre eta Eñaut Agirre bertsolariek eta Imanol Kamio musikariak, 20:30etan elkarteko arkupean. Igandean, berriz, esku pilota partidua izanen da frontoian, 12:00etan hasita.

Osteguna izanen da San Martin eguna, azaroaren 11; egun seinalatua Aranon. Eta hori ospatzeko, hitzordu bikoitza jarri dute astebururako.

Larunbat iluntzean izanen da aurrenekoa, afalorduan: Auskalo zeinek jarriak bertso jarri musikatuen emanaldia eskainiko dute Unai Agirre eta Eñaut Agirre bertsolariek, eta Imanol Kamio musikariak. Elkarteko arkupean ariko da hirukote hernaniarra, 20:30etan hasita; eta beste hainbat herritan eskainitako saioa, egokitu eginen du Aranora ekartzeko: Aranoko bertso zaharrak, bertako istorioak... kontatuko di­tuzte, emanaldian.

Afari baten bueltan izanen da emanaldia, eta gisatua eta gaztainak prestatuko dituzte bertan, aranoarrek gozatzeko. Afariaren martxara egokituko dute emanaldia, Agirre anaiek eta Kamiok ere.

Esku pilota jaialdia, igandean

Hurrengo egunean, aldiz, esku pilota izanen da protagonista, eguraldiak lagunduz gero. Ados Pilotarekin batera, jaial­dia antolatu dute Aranoko frontoian, eguerdiko 12:00etan ha­si­ta. Lau pilotari ariko dira, bi­na­kako partidua jokatzeko: Iera Agirre eta Oihana Orbegozo, Ene­ritz Arrietaren eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra.

Udaran ere antolatu zuten jaialdi bat herrian, Ados Pilotarekin, emakumezkoen esku pilotari bultzada bat emateko asmoz. Orduan, Plazaz Plazako txapelketaren final laurdena zen jokatzekoa Santio egunez; baina atzeratu egin zen Covid-19aren eraginez, eta finalerdietako bat jokatu zuten azkenean Aranon, abuztuaren 15ean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!