Araztegiko lanak datorren urtean, 2022an, bukatuko dituztela aurreikusi dute

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 1a, 00:00
Araztegia eremu horretan egingo dute, Sagarbakoitz inguruan.

Udalarekin batera koordinatutako proiektuan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du urtebete inguru falta dela araztegi biologikoko lanak amaitzeko. Lurralde Kohesioak 492.540,90 euroko inbertsioa egin du obrak egiteko.

Aurtengo urte amaierarako Aranoko araztegi biologikoa bukatuta egotea aurreikusi zuten proiektua hasi zutenean. Horixe bera ziurtatu zion Kronikari Joxan Ruiz alkateak apirilean egindako elkarrizketan. Edonola ere, Nafarroako Gobernuak jakinarazi berri du zertxobait atzeratuko direla lanak, eta data berria zehaztu dute: 2022ko udazkena. Alegia, aranoarrek urtebete itxaron beharko dute horretarako.

NILSak 200 biztanletik beherako herri guztietan araztegiak jartzeko proiektua du, eta Aranokoa ere sozietate publikoaren planaren barruan sartzen da. Hain justu, 116 biztanleko herria da, eta horregatik aukeratu zuten Arano ere.

Udalarekin batera koordinatutako plana da, eta ia 700 metro karratuko lursailean Sagarbakoitz inguruan kokatuko da. Proiektuari buruz azaldu zutena jarraituz, bi hustubide jarriko dituzte: bat, 420 metrokoa izango da, Beheko Herriko herrigunetik instalaziora; eta, bestea, berriz, 120 metrokoa, araztegitik Lorentxoren Bordako bidera, eta aurreko fase batean berritutako hustubidearekin elkartuko da puntu horretan.

Era berean, instalazioak Imhoff depositu eta bakterio-geruza izanen du, eta, grabitatearen bitartez, ur zikina zein garbia banatuko du. Ur zikina harriz betetako hondora joanen da eta bertan garbituko da. Horretarako, ez du energia elektrikoaren beharrik izanen. Hori horrela, efizienteagoa, merkeagoa eta garbiagoa izanen da.

Gainera, segundoko, 0,28 litro garbituko dituela adierazi dute; hau da, 24 metro kubiko egunean. Are gehiago, ur gehiagorako bolumena daukala esan dute: eguneko, gehienez, 168 metro kubiko garbitu ditzake.

 

492.540,90 euroko inbertsioa

Denera, ia milioi erdiko inbertsioa egin du Nafarroako Gobernuak Aranoko araztegian; eta, aipatu moduan, berez, aurten bukatu beharreko lanak zirenak, datorren urtean bukatuko dituzte.

Azkenik, horrekin batera, gobernuak lizitazioa atera du lanak esleitzeko, eta jakinarazi du urriaren 18ra arte egongo dela zabalik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!