Txolarre albinoak bizirik eta osasuntsu jarraitzen du Aranon

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 24a, 00:00
Txolarre albinoek lumaje txuria, begi gorrixkak eta moko zurbila dituzte.

Hilaren 11n azaldu zen, eta bizirauteko arrisku haundiagoa duen arren, herrian jarraitzen du.

Duela bi aste inguru, txolarre albinoa agertu zen Aranon. Adituek diote espezie «bitxia» dela, «oso gutxitan» ikusten baitira guztiz albinoak diren hegaztiak. Gainera, Aranzadi Zientzia Elkartekoek aipatu dute bizirauteko arrisku haundiagoa dutela animalia albinoek. Dena den, txolarreak gustura, osasuntsu eta salbu jarraitzen du Aranon. Herritarrak bere atzetik omen dabiltza, argazki kamerarekin, momentua irudi batean izozteko ilusioz.

 

Baina, zer da albinismoa?

Gizakietan eta animalietan ematen da. «Geneen mutazio ezberdinen ondorioz eman daiteke; eta, hitz gutxitan esateko, melanina falta izaten dute albinoek», aipatu dute Aranzadikoek. «Albisimoa arraroa izaten da, eta oso gutxitan ematen da. «Hala ere, albinismoaren arrarotasunaren barruan normala da, noizbehinka, animalia albinoak naturan ikustea». Hain justu, azken adibide argia eta ezaguna izan da Urdaibaien jaiotako arrano arrantzalearen txita albinoa.

Era berean, esan bezala, hegazti albinoak «arraroak» dira, baina identifikatzea nahiko erraza da. Lumaje txuri garbia dute, begi arrosak edo gorrixkak, moko zurbila eta zati zurbil eta biluziak. Gainera, landareetatik datozen karotenoide eta pigmentu organikoak, hegaztien dieten barruan daudenak, luma eta aurpegiko atal biluzi batzuetan sar daitezke; eta, ondorioz, albinoei kolore arina ematen diete.

«Normalean, animalia albinoek ez dute naturan denbora luzez bizirik irauten. Besteak beste, oso ikusgarriak direlako bai harrapakinen aurrean bai harraparien aurrean. Beraz, bizirauteko probabilitateak oso baxuak dira», zehaztu dute Aranzadikoek. Nolanahi ere, aranoarrek azaldu dutenez, txolarreak txorrotxioka jarraitzen du herrian, zuhaitz batetik bestera hegaka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!