Aurtengo San Roke egunean ez da ohiko ospakizun berezirik izango

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 16a, 00:00
Herritarrek jarri zuten kanpana.

San Roke eguna da gaur, baina osasun egoera dela eta, aranoarrek ez dute plangintza berezirik prestatu. Dena den, kanpai hotsak entzungo dira.

Aurtengo San Roke egunean ez dira ohiko ospakizunak izango Aranon. Egungo osasun egoerak galarazi egin du ezer berezirik prestatzea; eta, horregatik, txistularien topaketa, esaterako, ez da izango gaurkoan. «Pena haundia da, urtero-urtero etortzen direlako eta doinua jartzen diotelako egunari», aipatu du Joxan Ruiz aranoarrak. Hain justu, hamabost bat txistulari elkartzen dira herrian. Euskal Herriko zein Kataluniako musikariak izaten dira, eta kaleak txistu-doinuez betetzen dituzte.

Hala ere, zer ospatua izango dute herrian. Izan ere, 40 urteren ondoren, lortu dute kanpana ermitara bueltatzea. Beraz, herritarrak mezara joateko eta San Roke eguna dela gogorarazteko, kanpai hotsak entzungo dira herrian. Donostiako itxitako konbentu batekoa da kanpana eta bertakoek botatzeko asmoa zuten. Baina horretan ari zirela, aranoar batek hori jasotzeko proposamena izan zuen, eta bi aldiz pentsatu gabe, Aranora eraman zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!