Txolarre albinoa agertu da Aranon; «gauza oso bitxia da gertatutakoa, aranoarrak txundituta gaude»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 15a, 00:00

«Gutxitan» ikusten den txoria dela ziurtatu dute Aranzadi Zientzia Elkartekoek, eta Aranon dagoela aprobetxatuta, datorren astean bisitatuko dute herria. Herritarrentzat «bitxikeria» dela kontatu dute aranoarrek.

Txolarreak ikustea ohikoa da, baina txolarre albinoak topatzea gauza bitxia dela baieztatu dute gaian adituak direnek. Joan den asteazkenean azaldu zen, hain justu, kolore txuriko txolarrea Aranon, eta herritarrak txoriaren atzetik dabiltza txundituta, hara eta hona. «Une honetan, atrakzio turistikoa da herrian», kontatu du Joxan Ruizek. «Zuhaitz horretan dago, ikusi!», horrelako esaldiak entzuten direla dio aranoarrak.

Aranzadikoak Aranora, txolarrea aztertzera

Herritar batek ikusi zuen, eta kolorearekin harrituta, Aranzadi Elkartekoei pasa zien abisua. Horiek ere «bitxia» zela esan zuten, eta jakinarazi zuten datorren astean bisitako dutela Arano, txoria aztertzeko helburuz.

Dena den, hegaztia ikusteko, Aranzadikoek azkar ibili beharko dutela dio Joxanek; «ez naiz aditua, baina kolore txuriagatik, harrapatuak izateko arrisku gehiago dute horrelakoek». Antza denez, harrapakariek hobeto ikusten dituzte horrelako espezieak eta, beraz, bizirauteko arazo gehiago izan ditzakete.

Momentuz, hortxe dago txoria, osasuntsu eta salbu. Aranoarrak ere kontentu daude, jakin badakitelako oso arraroa dela horrelako animalia batekin topo egitea. Bitxikeria bat da gertatutakoa eta, hortaz, herrian dagoen bitartean, bere kantuak entzun eta lumaje txuri eta ederra ikuskatzeko tartea izanen dute herriko guztiek.

Gainera, zenbait istoriok diotenez, txolarreak zoriontasunaren ikur dira. Beraien txorrotxioek poztasuna eta askatasuna adierazten omen dute. Horregatik, biharko egunean, kanpana berriarekin batera, txolarre albinoaren kantua entzutea izanen da aranoarrentzat San Roke eguneko festa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!