40 urteren ondoren, kanpai hotsak entzungo dira San Roke egunean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 14a, 00:00
Kanpana jarri dute aste honetan San Roken, zenbait herritarrek.

40 urteren ondoren, kanpai hotsak entzungo dira San Roke egunean

«Duela 40 urte inguru lapurtu ziguten kanpana, eta ordutik ez dugu besterik izan», kontatu du Joxan Ruizek. Zehazki zer gertatu zen ez dakiela aipatu du aranoarrak, «baina lapurreta izan zela badakit». Eta inork espero ez zuenean, sorpresa heldu da Aranoara. Izan ere, kanpana lortu dute herritarrek, eta ilusio haundiz bueltatu dute bere tokira, auzolanean. «Kanpai hotsak entzuteko irrikatan gaude, eta San Roke egunean estreinatuko dugu. Hori izanen da gure festa!».

Antza denez, Donostiako konbentu batetik deitu zieten aranoarrei, ea kanpana nahi zuten galdetzeko. «Herritar batek Donostiko konbentu itxi bateko kanpana lortu du. Kanpana botatzekotan zeuden, baina eskaintza jaso zuen, eta herrira ekarri zuen». Bi aldiz pentsatu gabe, andamioa jarri, beharrezko materiala bildu eta herritar batzuen artean lortu dute bere tokian jartzea.

Astelehenean, San Roke egunean, «garai bateko kanpai hotsak» entzungo direla ziurtatu du Joxanek. «Kanpai hotsei jarraituz, herritarrak elizara hurbilduko dira mezara, erromeria bat izango balitz bezala», azaldu du. «Horrez gain, gure asmoa da lapurreta nola gertatu zen kontatzea eta kanpana hona berriz ere nola heldu den azaltzea. Eta besterik gabe, osasun egoera dela eta, horixe izango da aurtengoan gure ospakizuna San Roke egunean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!