Aranon bihar jokatzekoa zen Plazaz Plaza txapelketako final laurdena atzeratu egin da

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00
Bartzelonan lehenengo aldiz jokatu zen nesken esku pelota profesional partidua. Argazkia: Ados Pilota

Ados Pilota klub profesionaleko esku pelotari batek COVID-19 proban positibo eman zuen asteartean, Bartzelonatik bueltan, eta klubeko pelotari asko aztarnarien deiaren zain daude.

Aranon aurten ere jai eta hurrengoan jaiak... eutsi goiari lelopean Santio jaiak bertan behera geratu dira. Ez da ekitaldirik antolatu, eta denen artean zaintzeko deia egin du Aranoko Udalak. Joxan Ruiz alkateak dioen bezala, «ez dira jaiak ospatzeko baldintzak ematen», eta horregatik Santioak ez dira ospatuko, bigarren urtez jarraian.   

Hala ere, aurretik emakume­en pelota jaialdia hitzartua zuen Udalak biharko, eta Plazaz Plaza pelota txapelketa profesionalaren final laurdena jokatuko da herriko frontoian. Hori bai, noiz jokatuko den oraindik ez dago argi, baina bihar ez da izanen. Aurreko asteburuan Bartzelonan jokatu zuten ligako azkenaurreko jardunaldia. Bertan egon zen pelotari batek COVID-19 proban positibo eman zuen Euskal Herrira iritsitakoan, eta horrek iragarritako egutegia hankaz gora jarri du.

Bartzelonara joandako pelotariak aztarnarien deiaren zain zeuden etxean sartuta. Maite Ruiz de Larramendi pelotariak eta Ados Pilota klub profesionalaren bultzatzaileak egoera nolakoa den azaldu dio Kronikari astean zehar. «Bartzelonan bertan antigeno probetan denek negatibo eman genuen. Hala ere, behin bueltatuta, pelotarietako batek positibo eman zuen asteartean, eta bertan jokatu genuen pelotari denak aztarnariaren deiaren zain gaude. Gertuko kontaktua garen edo ez jakin behar dugu, eta horren arabera PCR probak egin eta konfinatu edo ez».

Leitzan asteazkenean ligaren azken jardunaldia jokatzekoak ziren, baina bertan behera geratu zen jaialdia. «Hala ere, ez dakigu noiz, baina jardunaldi hori jokatuko da, baita Aranon jokatzekoa dena ere», ziurtatu du Maite Ruiz de Larramendik. 

Joxan Ruiz alkateak ere zail ikusten zuen ostegunean, bihar final laudenak jokatzea. «Egoerak zein bide hartzen duen zain gaude. Buruan badugu beste egun bat, San Roke eguna ere ospatzen bai baita Aranon, eta aukera bat izan daiteke». 

Aurretik, Leitzako jardunaldia jokatzea beharrezkoa da, sailkapena eta final laurdenetako partiduak nola geratuko diren jakiteko. 

Aranon aurrerago jokatuko da final laurdenetako bat

Plaza Plaza pelota txapelketa Ados Pilota klubak antolatu duen aurrenekoa izan da. Bertan, zortzi bikote eta hamasei pelotari ari dira parte hartzen. Bi multzotan banatu dituzte; A eta B multzoetan. A multzoko bikoteak honakoak dira: Aldaregia-Maite Ruiz de Larramendi, Salsamendi-Orbegozo, Amaia Aldai-Oses eta Etxebeste-Naroa Agirre. B multzoa osatzen dute Iera Agirre-Gentzane Aldaik, Arrieta-Elizaldek eta Infante-Olatz Ruiz de Larramendik.

Hamaika jardunaldi jokatu dituzte, eta hamabigarrena bakarrik falta da ligaxka osatzeko.  Multzo bakoitzeko lehenengo sailkatua finalerdietara pasako da zuzenean, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek final laurdenetako kanporaketa bat jokatu behar dute: A multzoko bigarrenak, B multzoko hirugarrenaren aurka; eta A multzoko hirugarrenak, B multzoko bigarrenaren kontra. Laugarren sailkatuak txapelketatik kanpo geratuko dira. Aranon zen jokatzekoa final laurdenetako partidu horietako bat, eta gaur izan behar zuen besteak. Biak atzeratu dira, ordea.

A multzoan, bigarren postua Aldaregiak eta Maite Ruiz de Larramendik lortu dute. Hirugarren geratu dira Amaia Aldai eta Oses. Finalerdietara sailkatu dira, aurreneko postuan geratuta, Salsamendi eta Orbegozo; eta txapelketatik kanpora geratu dira Etxebeste eta Naroa Agirre.

B multzoa oraindik erabaki­tzeke dago, bigarren eta hirugarren postuetan. Lehenengo postuan amaitu dute eta finalerdietara sailkatu dira Iera Agirre eta Gentzane Aldai. Beste postuak oraindik ez daude argi, nahiz eta Arrizabalaga-Aranburu izango diren seguruenik bigarren sailkatuak. Hala ere, matemaikoki ez dago erabakita.

Hasiera batean, final laurdenak asteburu honetan ziren jokatzekoak, eta San Inazio egunerako zeuden iragarrita bi finalerdiak. Finala abuztuaren 14an zen jokatzekoa. Orain, azken orduko aldaketa honek atzeratu egingo ditu, gutxienez, final laurdenak. 

Aire librean jokatuko dituzte partidu guztiak, emakumezkoen pelota herrien erdiguneetara eraman asmoz, eta hala, «ikusgarritasuna» ere areagotu dute. «Pelotalekura doana propio doa, baina gerta daiteke asmorik ez duen horrek bidean topatu eta begira geratzea», azaldu dute. Era berean, sasoi bateko erraketistak ere halaxe hasi zirela gogorarazi dute.

Ados Pilota kluba maiatzean sortu zen, eta aurreneko urratsak ematen ari da

Ados Pilota klub profesional sortu berriarekin elkarlanean antolatzen ari dira Plazaz Plaza txapelketa eta hainbat jaialdi. Eskuzko emakume pelotari profesionalen kluba maiatzean aurkeztu zuten Leitzan. Maite Ruiz de Larramendi pelotariak buruan zuen ideia, eta horri jarraituta lehenengo kluba sortu zen, Ados Pilota izenarekin. 

Pelotarien baldintzak hobetzeko asmoz sortutako proiektua da kluba. Halaxe adierazi zuten aurkezpen egunean, prentsaurrekoan, Ruiz de Larramendi zein Iera Agirrek ere. Baldintzak hobetzearekin batera, txapelketak urte guztian zehar luzatzea ere badute helburu, nolabaiteko jarraikortasun bat emateko.

Maite Ruiz de Larramendik urte asko daramazki pelota munduan, eta lan haundia egin du emakume pelotarien alde.

«Profesionaltasunetik urruti gaude oraindik, eta horra iristea eta formakuntza dira erronka nagusiak»

«Badirudi orain telebistan agertzen garelako eta abar profesionalak garela, baina inoiz ez dugu lortu profesionaltasunik eta, gainera, nahiko urrun gaude. Ikusten genuen bultzada bat behar zuela honek, eta mutilen kasuan enpresa pribatuetara ohitu bagara ere, gure kasuan kluba sortu dugu, lortzen ditugun diru-sarrera guztiak klubera bideratuko direlako, profesionaltasun horren bidera», azaldu zuen Iera Agirrek klubaren aurkezpen ekitaldian.

Klubak bi ardatz izango ditu. Bata izango da alor profesionala, eta bertan, hamahiru jokalari daude: Andrea Aldaregia, Amaia Aldai, Eneritz Arrieta, Olatz Arrizabalaga, Ilantzu Etxebeste, Ainhoa Ruiz de Infante, Naroa Agirre, Gentzane Aldai, Naroa Elizalde, Oihana Orbegozo, Maite Ruiz de Larramendi, Olatz Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre.

Txapelketa bakoitzean kontratuak egitea, aseguru pribatuan izena ematea, egutegia luzatzea eta entrenamenduetan ere urrats bat gehiago ematea dute aurreikusita. Hala, entrenamenduen maila haunditzeko, Juan Martinez de Irujo, Patxi Eugi, Fernando Goñi eta Unai Arrizabalaga pelotari ohiak prestatu dira entrenamenduak zuzentzeko, baita Aritz Altadill fisioterapeuta ere, pelotarien zainketarako.

Formazio alorrean ere edukiko du zereginik klubak, nahiz eta nabarmendu duten udalerri bakoitzeko eskolak lan haundia egiten dabiltzala. Hala, 12-13 urte bitarteko nesketan jarriko dute arreta, adin horretan askok pelota uzten baitute, jada mutilekin ezin dutelako lehiatu edo zailtasun gehiago dituztelako mutilekin lehiatzeko, eta gero jarraikortasunik ez dagoelako emakumezkoen txapelketei dagokienez. Hemen, pelotariak beraiek prest agertu dira gazteenei entrenamenduetan laguntzeko.

Nafarroako Gobernua, udalerri ezberdinetako udalak, Lacturale eta Ibaisek, hala nola, beste babesle pribatuen laguntzarekin ekin diote abentura berri honi, profesionaltasunaren bidean bes­te hazi bat landatu asmoz. Argitu dute Ados Pilota klubak ez duela zerikusirik Emakume Pilotarien Elkartearekin (EPE).

«Ez dugu 2.000 euroko soldata izango, baina egoera genuena baino askoz hobea da».

Maite Ruiz de Larramendik uste du aldaketa honekin berak eta bere lankideek «dena irabaziko» dutela. «Hemendik aurrera, gure lan-kontratuak izango ditugu». Denboraldi bakoitzeko soldata finkorik izango ez duten arren, jokatutako partida bakoitzeko kobratuko dute. Eta txapelketa bakoitzak bere baldintza ekonomikoak izango ditu. «Egoera hau guk genuena baino mila aldiz hobea da, ezerezetik gentozelako», azpimarratu du Ruiz de Larramendik. Zentzu horretan, gogoratu du pelotari askok ez dutela dirurik jaso orain arte torneoak jokatzeagatik, edo, kasurik onenean, zerbait ordaindu zaiela final laurdenetatik aurrera. «Batzuetan, kilometroak ere ez dizkigute ordaindu», esan du Eulateko atzelariak.

Pelotarientzako beste alderdi garrantzitsu bat, lan-istripuen ondoriozko bajak tramitatzeko aukera izango da. «Baten bat bajan badago, kobratu egingo du. Emakumezkoen pelotan inoiz izan ez dugun zerbait da. Aseguru bat genuen, eta horrekin arreta ematen zizuten lesioren bat izaten bazenuen. Baina orain, hatz bat moztu eta ezin badut pelotan jokatu, kotizazio bat dago», zehaztu du.

Hala ere, kirolari bakoitzak beste lan bat du pelotatik kanpo. Baina hemendik aurrera, Gizarte Segurantzan alta eta baja emango diete txapelketa bakoitzaren aurretik eta ondoren. «Ez dugu hilero 2.000 euroko soldata izango. Pelota lanaldi erdiko jarduera bat balitz bezala da», nabarmendu du Maite Ruiz de Larramendik.

Maite Ruiz de Larramendi, partidu batean. Argazkia: Ados Pilota

«Lacturaleren eta Ibaiseken babesa eskertzen da, eta gehiago behar dira»

Ruiz de Larramendik dio Ados Pilota kluba bateragarria dela Emakume Pilotarien Elkartearekin. «Denok eskutik helduta joan behar dugu».

Gizonezkoen pelota profesionalarekin duen ezberdintasun haundienetako bat, pelota kudeatzen duten enpresekin sinatutako kontratuetan datza. «Gu hasi berriak gara, eta nik, urteen poderioz, pelotan bakarrik aritzea nahi dut. Hasteko, ezin diegu neskei esan 'zuk utzi lan egiteari hemen bizimodua irabaziko duzu eta'», azaldu du Ruiz de Larramendik. Bere ustez, pauso garrantzitsua da, eta, horregatik, oraindik ibilbide luzea egin behar da: «Kirol honen erabateko profesionalizaziora iritsi nahi dugu, baina hasi berriak gara eta ezin gara haundikeriatan ibili».

Pelotariak gogoan ditu Leitzako aurkezpenaren zorion aurpegiak: «Sekulako gogoa genuen talde bezala ateratzeko, denak batera, eta gure jantziak janzteko». Eta oso eskertuta agertu da enpresa batzuek klubari ematen dioten babesagatik, baina arlo horretan oraindik hazkunde-tarte zabala dagoela uste du: «Ateak jotzen jarraitu behar dugu, baina Lacturale eta Ibaiseken babesa eskertu behar dugu, baita lagundu nahi duten beste enpresa txiki batzuena ere».

Ruiz de Larramendik defendatzen du Ados Pilota bateragarria dela lehendik dagoen Emakume Pilotarien Elkartearekin. «Bakoitzak bere eremua du», dio. Hori bai, talde horretako hiru pelotarirekin harremanetan jarri dira, baina ez dira Ados Pilotan sartu. «Bakoitza libre da, beraien baldintzak hobetu nahi genituen», adierazi du.

Denentzako lekua dagoela uste du. «Garrantzitsua da konfiantza sortzea, eta hori egin dugu. Gure pelotariei esan genien: «Hau aurrera ateratzen saiatuko gara, eta ezin dela ikusten badugu, esango dizuegu».

Ados Pilota sortuta, Nafarroako Pelota Federazioarekin eta Euskadiko Pelota Federazioarekin hitzarmenak sustatu nahi dituzte: «Aseguru pribatua dutenez, ez genituzke lizentziak erabiliko. Berriro eseri nahi dugu, katearen maila guztiak nola dauden ikusteko», zehaztu du Ruiz de Larramendik. Abentura berri honetan «denok eskutik helduta» joatea du amets.

Ruiz de Larramendik ez du bere poza ezkutatzen, klub berri honen sorrerak dakarren mugarri garrantzitsuagatik: «Etxera iritsi nintzenean, ezin nion negar egiteari utzi. Honek hilabete batzuk ez irautea da asmoa, hemen geratzera gatoz, eta denen laguntzarekin lortuko dugu iraultza».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!