Covid-19 ziurtagiri digitala martxan, Nafarroan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 9a, 00:00

Osasunaren Karpeta Pertsonalaren bidez deskarga daiteke, eta laster aurrez aurre ere eskatu ahal izango da.

Nafarroako Gobernuak herengun jakitera eman zuenez, Nafarroako biztanleek dagoeneko eskura dezakete Covid-19 ziurtagiri digitala. Gobernuak, hain justu, herenegun jarri zuen martxan, eta Osasunaren Karpeta Pertsonalaren bidez deskarga daiteke. Horrez gain, Gobernuak helarazi zuen laster aurrez aurre ere eskatu ahal izango dela, osasun etxeetako administrazio zerbitzuetan. Modu horretan, digitalean ez ezik, inprimakia paperean ere eduki ahal izango dute herritarrek.

 

Zer da ziurtagiri hau?

Covid-19 ziurtagiri digitalak herritar bakoitzak Covid-19arekiko duen immunitate egoeraren berri ematen du. Zehazki, horren bidez, hauxe zehaztuko da:  herritarrak koronabirusaren kontrako txertoaren dosiren bat hartua duen; dagoeneko gaitza igaroa duen; edota, birusa atzemateko diagnostiko probaren batean emaitza negatiboa izan duen. Aipatutako hiru baldintzetako bat betez gero, herritarrak aukera izanen du Europar Batasuneko herrialdeetara bidaiatzeko. Uztailaren 1etik aurrera, ziurtagiria Europar Batasun osoan izanen da indarrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!