Nekazaritza

Abañoko zentralean auzolana eginen dute etzi, hazitegia sortu eta haziak ereiteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 12a, 00:00
Piketeak egiten ikasteko saioa izan zuten aurrekoa, otsailaren 13an.

Goizeko 11:00ak aldera jarri dute elkartzeko zita, Dagoenean Bonbon taldeak, Aranoko Udalak eta Cederna Garalurrek. Parte hartzeko, aurrez abixatu behar da, arano.udala@gmail.com helbidera idatzita, edo Xabi Cuetori esanda.

Aurrera jarraituko dute arano­arrek, igande honetan bertan, nekazaritza lanak elkartrukatzeko egitasmoarekin. Oraingoan, ha­zi­tegia sortu eta haziak ereiteko auzolana prestatu dute, eta Aba­ñoko zentralean jarri dute zita, goizeko 11:00etan hasita. Goiz oso­an zehar arituko dira lanean, bertan.

Piketeak egiten ikasteko sa­ioa izan zuten otsailaren 13an, Plazako Bordan, auzolanak eta baserriko lanak jendaurrera pla­zaratzeko asmoarekin. Eta horixe izanen da helburua, etzi, Dagoenean Bonbon taldeak, Aranoko Udalak eta Cederna Garalurrek antolatu duten saioan.

Haziei eta hazitegiei buruz ariko dira bertan, bertaratuen artean konpartitzeko jakintzak eta ezagutzak.

 

Parte hartzeko, aldez aurretik abixatzea beharrezkoa

Abañora bertaratu eta saioan parte hartu nahi duenak, aldez aurretik abixatu beharko du. Horretarako, email bidez idatzi dezake, arano.udala@gmail.com helbidera; edo bestela, Xabi Cueto zinegotziari jakinarazi.

Partehartzaileei, eskatu diete eraman ditzatela berrerabiltzeko ontziak, bertan haziak ereiteko. Izan daitezke yogurt poteak, esnearenak... Eta era berean, etxeko haziak izanez gero, horiek eramatea ere eskatu diete, elkarren artean trukatzeko.

Parte hartzera animatu eta bertaratzeko deia luzatu diete antolatzaileek, herritarrei.

Baserriko lanak ezagutzera emateko saioetan, hirugarrena izanen da igandean eginen dutena, aranoarrentzat. Urtarrilaren 28an egin zuten aurrenekoa, Maisuenean, eskualdeko elikadura lantzeko. Eta piketeak egiteko saioa izan zen bigarrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!