Azken hilabetean fenomeno meteorologikoek gertaera ugari sorrarazi dituzte bailaran. Joan den egunean zuhaitza erori zen errekara Malene inguruan eta duela aste batzuk, tximistak gogor jo zuen Aranon. Lurrikara ere sumatu zuten Goizueta inguruan. Richter eskalan 3 graduko lurrikara erregistratu zen, herrigunetik lau bat kilometrora. Epizentroa Ollingo meatzeen inguruan izan bazuen ere, trumoiaren antzeko soinu bat sumatu zuten Goizuetan, Aranon, Ezkurran, Eratsunen eta Saldiasen.
Suro auzoan gertatu zen
Tximistak ezbehar larririk sortu ez bazuen ere, argia joan zen inguruko zenbait baserritan. Eta bizilagunek jakitera eman dutenez, baserriren batean eletrodomestikoren bat erre zen. Bi zuhaitzetan jo zuen tximistak, eta bereziki gorria den goitik beherako marra marraztu zien arbolei, odolaren kolorekoa. Gero, pinuetatik atera eta arketara pasa zen lur azpitik. Horregatik, lurra harrotua geratu zen tximistak jo zuen zuhaitzen inguruko zonaldean. Gainera, Txara eta Txarako Bordan, eta Xauxar (Sarobezahar) baserrian ere izan zen danbatekoa.
Azken egunetan ere EAE eta Nafarroan abisu horia ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak, tenperatura altuengatik. Udako ekaitza hauek eguzkia, airea eta giroa berotzen duten tenperatura altuengatik gertatzen dira. Horregatik, ziurrena da azken aste hauetako gertaerak fenomeno meteorologiko guzti hauek eragin dituztela.