Joxan Ruiz

«Gure esku dago egoera honi aurre egitea; norberak neurriak hartzen ez baditu, akabo»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 24a, 00:00

Festarik gabeko Santioen atarian, Koronabirusaren eraginaz, herriko berrikuntzez eta etorkizunaz hitz egin du Joxan Ruiz Miner Aranoko alkateak, Kronikarekin.

Santiorik gabeko uztaila Aranon. Ezagutu duzu halakorik?
Ez, nik dakidala festak beti ospatu dira Aranon. Nik ezagutu ditudan urteetan bai, behintzat. Aurreko belaunaldiek, akaso, ezagutuko zuten horrelako egoeraren bat...

Txikitatik ezagutu dituzu Santioak, ezta? Zenbat urte dira hemen bizi zarela?
Aitonak eta amonak etxe bat erosi zuten hemen, 1947an, aita txikia zela. Eta udara guztia eta denboraldi luzeak pasatzen zituzten hemen. Medikuak esan omen zion aitari, mendira joan behar zuela, eta denboraldi luzeak pasa mendi inguruan, sendatzeko, oso argal zegoelako. Beraz, ni jaio nintzenetik, asteburu guztiak pasa ditut hemen. Eta Aranon bizitzen, 20 bat urte izango dira. Madrilen zortzi urte egin eta bueltatu nintzenean, Aranora etorri nintzen bizitzera.

Lanera joan zinen Madrilera?
Bai, hori da. Andoainen ikasi nuen, zine eta bideo eskolan, eta handik Madrilera. Orduan sortu ziren telebista kate pribatuak, eta Canal+ katean aritu nintzen, Antena 3en ere bai... 21 urte izango nituen, eta zuzenean Europa Press agentziara. Kurrikuluma entregatu, eta deitu zidaten: bihar daukazu zazpigarren kamara. Castellana pasealekuan tokatu zitzaidan, ni sekula han ibili gabea. Eta hantxe joan nintzen, utzi zidaten kotxearekin. Egun horretan, egon ginen grabatzen Villaverdeko alkateak iruzurra egin zuela, eta Irene Villa ospitalean zegoela. Kazetari batekin joan nintzen ospitalera, eta han zegoen Donostiako alkatea. Elkarrizketa bat egin genion, eta handik Telemadridera bidali gintuzten. Ba erdibidean geratu ginen, atasko batean, ez nekielako nondik joan. Kazetaria jaitsi zen kotxetik, moto bat gelditu zuen, eta alde egin zuen. Eta hantxe geratu nintzen, Madrilen erdi-erdian. Taxista batek eman zidan gida potolo bat, mapekin; eta hiru ordu beranduago iritsi nintzen agentziara. Eta arratsalde horretan bertan, ministroen kongresura. Hara iritsi eta zer zen hura? 30 kamara, eta ni hantxe denen tartean... Horrela ikasi nuen. Kongresuan urtebete egon nintzen, egunero. Eta ondoren Canal+, Telecinco... Denetik pixka bat egiten. Han ikasi nuen kamara ofizioa. Hona etorri nintzen 1998an. Atlas agentzia montatu zuten K2000n, eta han hasi nintzen lanean. Bertan hasi nintzen pelota kontuetan, eta horrela izan nuen harremana Bainetekin. Eta 20 urte daramazkit Baineten. Bricomaniako errealizadore izan nintzen, orain Decogardenekoa naiz, eta esku pelotako unitate mobiletan aritzen naiz.
Baina nire ibilbideko lan ga­rrantzitsuenak, 2017 eta 2018an egin nituen. ETAren Baionako desarmatzea errealizatu nuen aurrena, eta guk zabaldu genuen nazioarteko seinalea, mundu guztira. Oso momentu hunkigarria izan zen, errealizazio hori egitea. Eta ondoren, ETAren disoluzioaren itunaren ekitaldia ere errealizatu nuen, Kanboko Arnaga Jauregian egin zena. Eta horretan ere, nazioarteko seinalea zabaldu genuen guk. Argazki Pressek deitu zidan, bi lan horiek egiteko. Potentea izan zen han egotea. Gu ginen bakarrak han, kamarekin.

Nola eragin du Koronabirusak, zure lanean?
Decogarden eta Bricomaniako programak, ekainerako bukatzen ditugu, eta prestatuta uzten ditugu udarako. Baina bai egon dela etenaldi bat aurten, grabaketetan. Eta pelota geldi-geldirik egon da orain arte. Duela hilabete jarri da berriro martxan. Frontoietan, ikusten dugu segurtasun maila haundi bat; neurriak hartzen direla, baldintza egokietan egiteko jaialdiak, eta posible dela egitea. Ea horrela jarraitzen duen.

Jaietara bueltatuta, nola hartu dute aranoarrek, Santiorik ez izatea aurten?
Jendeak normaltasunez hartu du. Herri guztietako arazo bera daukagu hemen, eta segurtasuna bermatu beharra daukagu. Neurriak hartu behar dira, eta jende pilaketek ez dute batere laguntzen, egoera gainditzen. Hori guztia saihestu beharra dau­kagu, eta hala ikusi dugu Udaletik, Jalki Kultur Elkartetik eta Jai Batzordetik. Arkume-jatea, feria eta horrelakoak eginez gero, jendea etorri eta pilaketak sortzen dira.
Ez dakigu espontaneoki zerbait egingo ote den, baina Udaletik gogorarazi nahi dugu, kontu haundiz egin behar direla horrelakoak. Egin daiteke balkoietatik festaren bat, adibidez, kontzerturen bat eskainita. Eskatzen diet orain arte bezala jokatu dezatela; zuhurtzia haundiz ari dira herritarrak. Familia artean elkartzen gara, baina lehen baino gutxiago seguruenik. Eta tentuz aritu behar dugu.

Garbi eduki duzue jaiak bertan behera utzi behar zirela, ezta?
Bai bai, hasiera-hasieratik. Egoe­rak hala behartu du, eta dato­rren urtean indar gehiagorekin hartuko ditugu. Ikusi dugu zein izan den erabakia beste herrietan ere; eta ikusita azkenaldian egoera okerrera dijoala, are eta gehiago. Gure esku dago honi aurre egitea. Bakoitzak bere neurriak hartzen ez baditu, akabo.
Aranon momentuz ez da kasurik izan, eta ea noiz arte den. Baina agertu daiteke positiboren bat, eta horrek ekarriko digu, akaso, herriaren zati haundi bat egotea konfinatuta, probak egin bitartean. Hori kudeatu egin behar da, eta kezkatzen nau, ez baita xamurra izango. Beldurra daukagu. Konfinamenduan ginela, arauak zorrotz betetzen ziren, eta kanpotik ez zen inortxo ere igotzen. Baina posible da egunen batean tokatzea, ez gaude arriskutik kanpo. Lanketa bat egin behar dugu aurretik, eta prestatu beharra daukagu. Hemen ez da hiri batean bezala, positibo batekin auzo bat edo bloke bat konfinatzen dela. Hemen herri osoa geratuko litzateke konfinatuta, dakarren problematika guztiarekin. Eta jakin behar dugu, edozeini tokatu dakiokeela.

Kanpotik ere hasi da jendea etortzen, ezta?
Bai. Turismoa aldatu egin da, pixka bat. Lehen kanpora zijoa­na, orain hemen inguruan da­bil, mendian adibidez. Eta naba­ri­tu egin dugu. Eguraldi onarekin, ikusten dugu ibai bazterra bete egiten dela. Eta horrek dakar bes­te arazo bat, hondakinena.

Aurrekoan, hain justu, Arano eta Goizuetako alkateak gerturatu zineten ibai bazterrera, bisitariei zentzuz jokatzeko eskatzera.
Bai, Unai Miranda eta biok hizketan aritu ginen, zer egitea komeni zitzaigun. Kontenedoreak jarri, eta arazoa pixka bat tapatzen sa­iatu? Ez, egin behar dena da kontzientziazio lana, eta bisitariei erakutsi naturarekin bat egin daitekeela, baina zainduta. Eta horretan ari gara. Aurreneko asteetan izugarri zabor pila topatu genuen ibai bazterrean. Bildu genuen, eremu bat itxi, eta bisitariengana gerturatu ginen, eskuorri batzuk banatu eta beraiekin hitz egitera. Eta pentsatzen dugu, beraien artean ere hitz egin dutela, zabor gutxiago ari delako pilatzen. Hori bai, eguraldiak laguntzen duen heinean, jende pilaketa haundiagoak izango dira... Eta natura zaintzen ez badugu, akabo. Bertan geratzen den zaborra, ibaira joango da azkenean. Heziketa eta kontzientziazio falta da arazoa.

Nolako eragina izan du Koronabirusak Aranon?
ERTEn egon dira herritar batzuk, baina gehienak lanean aritu gara. Alde horretatik, normaltasunez bizi izan dugu, baina hona etorrita, bakoitza bere etxean egon da, familiarekin, eta espazioak errespetatuz, gainerakoekin harremanetan egon gabe. Hiri haundietan bizitzetik ezberdina da landa eremuetako egoera. Pisu batean bizitzea gogorra izan behar da, hemen bizitzearen aldean. Hemen badaukazu baratza, jardin txiki bat, balkoia...

Zein neurri hartu dituzue Udaletik?
Desinfekzio neurriak izan dira, gehienbat. Udal langileak egunero desinfektatzen ditu aisial­dirako mahai publikoak, kon­­te­nedoreak, konpostarako guneak, frontoiko koxka eta eserlekuak... Jendea egunerokoan ibili daitekeen toki guztiak, azken finean.
Konfinamendu garaian, kutsatzeko arriskua ekar zezakeen lanik ez zuen egin berak. Eta baserrietara joaten zen, adinekoek laguntza behar ote zuten galdetzera, edozertarako: ganaduarekin lanen bat egiteko, erosketak egitera joateko... Herritarrak ere aritu gara horretan, elkar zain­­tzen eta laguntzen. Norbait Goizuetara zijoanean, galdetzen zu­en ea zerbait behar ote zuten. Egia esan, Goizuetako dendekin primeran moldatu gara, ez zaigu ezertxo ere falta izan; eta eskertzekoa da hori. Ea jendeak honetatik ikasten duen, eta bertan jarraitzen duen erosketak egiten.

Eta udaletxean, nola moldatu zarete?
Telematikoki aritu gara lanean, etxetik, eta primeran moldatu gara. Egoera honek erakutsi digu etxetik lan egiten, bilera telematikoak egiten... Astean bi­tan gutxienez biltzen ginen tele­matikoki, eta ikaragarri ondo. Bestela, bakoitza bere lanetik bueltatzean, zazpietan edo zortzietan, zaila da. Baina etxetik eginda, primeran aritu gara, eta jarraituko dugu. Teknologia baliatzen ikasi dugu. Lehen esaten genuen, ez ginela moldatzen, zaila zela, ez genekiela nola konektatu behar ginen... Baina beharrak erakutsi egin digu.

Festa faltan, baduzue nobedaderik...
Bai, frontoiari argiak jarri dizkiogu. Gure aurrekontuan aurreikusita geneukan, eskuineko sarea konpondu eta argiak jartzea. Eta argiak egun hauetan jarri dituzte; hori izango da gure festetako nobedadea. Garrantzitsua da hori, gure gaztentxoentzat. Beraiek dira gure erronka nagusietako bat. Orain arte, 18 eta 30 urte bitartean ez dugu gazterik izan. Baina 18 urtera bitartean 30 dauzkagu, dagoeneko. Eta haiei bidea irekita utzi behar diegu; kirolarena, adibidez. Ne­guan, eskolatik etortzen direnean, oso ordu gutxi dauzkate egun argiz. Eta horregatik frontoiko argiena, kirola egiteko ordu gehiago izan ditzaten. Orain azaldu dira dirulaguntza batzuk, eta lanean ari gara, ea horietan lortu dezakegun finantziazioa. Eta era berean, nahi ditugu bi kirol eremuak lokalizatu: frontoia eta atzeko futbol aretoa. Auzolanean egin genuen futbol aretoa, baina erdizka geratu da, eta horri bukaera emateko, beste dirulaguntza baten bitartez ari gara saiatzen. Gertu bai, baina ez daude lotuta bi eremuak; oso sarbide txarra dauka futbol aretoak. Eta egin nahi duguna da, frontoiaren eskuineko aldetik ate bat ireki, eta plataforma baten bitartez lotu bi eremuak. Nahi dugu bat izatea plaza, frontoia eta futbol aretoa.

«Gaztetxoak dira gure erronka nagusietako bat. Orain arte, 18 eta 30 urte bitartean ez dugu gazterik izan, baina 30 dauzkagu 18 urtera artekoak, eta bidea irekita utzi behar diegu»

Araztegia da beste nobedade bat, datorren urterako.
Urte dexente daramazkigu kon­tu horrekin. Udalean sartu gi­nenean, orain dela bederatzi urte, ikusi genuen bertako uren sarea oso gaizki zegoela. Beheko depuradorak ez zeukan funtziorik, tuberia guztiak oso gaizki zeudelako eta ura ez zelako bertara iristen. Jarri ginen Nilsa enpresarekin harremanetan, Na­farroako Gobernuak kudeatzen duena, uraren saneamendurako; eta esan genien konponbide bat eman nahi geniola horri. Urtero-urtero borrokatuta, lortu genuen proiektua aurrera ateratzea. Eskatu ziguten, aurrena, herriko ur-sarea konpontzea, eta aurreko urtean eta aurten konpondu dugu sare hori, goiko herrikoa zein beheko herrikoa. Teknika berri bat erabilita, berritu ditugu tuberiak barrutik, eta guri zegokigun lana eginda dago. Orain, beraiek konektatu behar dituzte goiko herria eta beheko herria, eta handik araztegira. Araztegitik errekara, aurreko urtean egin zuten. Denera, izango dira 700.000 eurotik gora. Ikusten ez den diru bat da, baina beharrezkoa da. Nahiko genuke diru hori beste zerbaitetan gastatu, baina egoerak bideratu gaitu azpiegitura hau egitera, behar-beharrezkoa delako.
Ingurumena zaindu behar dugu, eta ibaira iritsi behar de­na, izan behar dira kutsadura gabeko ur-hondakinak. Hori lor­­tzen lagunduko digu arazte­giak, ibai­ra ur garbia iristen eta ez kutsatzen. Gainera, azpiegiturak izateak indarra ematen dio herriari. Etorkizunera begira, jendea animatzen bada herrira bizitzera etortzen, azpiegiturak izatea garrantzitsua da. Eskola izango bagenu, askoz ere hobeto. Goizuetara joaten dira, eta oso ondo daude han; baina herrian bertan eskola izango bagenu, erakargarriagoa litzateke. Aurrera begira, uste dut hori lortu beharra daukagula, bai ala bai. Nahi badugu gure seme-ala­bak eta gaztetxoak herrian geratzea, bidea ireki behar diegu, eta azpiegitura batzuk eginda utzi. Seme-alabak eduki nahi dituenak, Aranon, zein aukera dauzka haientzako? Maisuenea dago, baina frontoi estali bat oso aproposa litzateke, adibidez. Ereñotzuk asko irabazi du frontoiarekin, eta ikusten da, familia berriak joan direla bertara bizitzera. Eremu hori ezinbestekoa da. Baina zaila da hori lortzea. Nafarroako Gobernuarentzat, gu hemen mendi puntan gaude, eta Nafarroa oso haundia da. Gerra pixka bat eman beharko dugu! (barrez)

«Etorkizunera begira, jendea animatzen bada herrira bizitzera etortzen, azpiegiturak izatea garrantzitsua da. Eskola izango bagenu, askoz hobeto. Aurrera begira, hori lortu behar dugu»

Landarte programarekin ere ari zarete lanean. Zertan datza?
Landa eremua eta artea lotzen dituen proiektu bat da, Nafarroako Gobernuak bultzatzen duena. Aurkeztu egin ginen, eta Nafarroan sei herri aukeratu dituzte; horietako bat, Arano. Dinamizatzaileak egon dira egun hauetan, baserritar batzuekin hizketan, haurrekin ere bai... Landa eremuaren funtsa jaso nahi duen programa bat da Landarte, Nafarroara zabaldu eta ezagutarazteko. Izan ere, herri txiki askok osatutako lurraldea da Nafarroa, eta artisten bitartez, erakutsi nahi da bertako herrien nortasuna.
Aranoko ezaugarri eta beharren arabera, artista bat etorriko da, eta zerbait egingo du, baina ez dakigu zer. Hori bai, elkarlanean egindako zerbait izango da, herritarrekin batera egingo du. Herrian pasako ditu bi-hiru aste, eta bertako biztanleekin lotuta, proiektu bat garatuko du. Izan daiteke mural bat, eskultura bat, ibilbide bat... Ez dakigu zer izango den. Jakinminez gaude, zer egingo ote duen. Eta horrela, gaztetxoek ere izango dute zerbait, udara berezi honetan.

Beste urteetatik ezberdina ari da izaten udara?
Pandemiaren eraginez, aldake­ta haundi bat egin dute haurrek. Konfinamenduaren ondoren, atera dira erabat esplosibo, orain ez dira gelditzen. Mendira dela, perretxikotara. Bazkaria ere egin behar zutela lagun artean, perretxiko horiekin. Ibaira ere jaisten dira, merienda hartuta... Erreboluzionatuta atera dira. Eta noski, aurreko udaran baino urtebete gehiago dute denek. Ari da sortzen gaztedi bat, azkeneko urteotan ezagutzen ez genuena hemen. Eta atzetik ibili behar dugu pixka bat, segurtasun neurriak bete ditzaten. Baina gauza polita da, eta udara polita ari da izaten alde horretatik.
Orain arte baino gehiago ari dira elkartzen. Adin guztietakoak dabiltza elkarrekin. Akaso txikienak ez, baina koxkorragoetatik hasita, denak batera, koadrila osoa.

Jendea kanpora joango da, edo herrian geratuko da?
Uste dut jende gehiagok nahiago izango duela herrian geratu. Hala dirudi, behintzat. Badira oporretarako erreserbak kantzelatu dituztenak, beste batzuk zalantzan daude joan edo ez... Eta alderantziz, hemen etxeak dituztenak hasi dira etortzen. Kanpoko jendea ere hasi da galdezka, herrian ba ote dagoen zerbait alokagai, bertan geratzeko. Eta egunpasa etortzeko ere bai, asko ikusten ditugu. Mendi buelta egin eta bokadiloak ekarri, Kontzejun zerbait jan...
Dena den, uztaila eta abuztua ez dira hain jendetsuak izaten Aranon. Jendea gehiago joaten da hondartzara, Donostiara eta. Baina iraila eta urria izaten dira jendetsuagoak hemen. Eguraldia oso aproposa izaten da orduan, mendi bueltak egiteko. Eta uste dut hala izango dela aurten ere: udara errekan, eta udazkena mendian.

Joxan Ruiz, Aranoko frontoian, bertan egitekoak ziren berrikuntzak azaltzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!