Frontoiko berrikuntzek eta landa eremuko arteak argituko dute, festarik gabeko udara

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 24a, 00:00
Aranoko gaztetxoak eta Landarteko dinamizatzaileak, elkarlanean, proiektuaren inguruko lanketa egiten.

Santio jairik ez da izanen Aranon aurten, bertan behera uztea erabaki baitute, Koronabirusaren eraginez. Ez da inolako ekintzarik egingo, baina badute nobedaderik herrian, udara arraroari bizigarria jarriko diotenak.

Ez arkume-jate jendetsurik, ez herrikoen hamaika posturekin osatutako feriarik, eta ezta bertso saio, jolas, pelota partidu edota herri kirolik ere. Aurtengo udaran ez da horrelakorik izanen Aranon, ez baita Santio jairik ospatuko.
Aho batekoa izan da erabakia, Udalaren, Jai Batzordearen eta Jalki Kultur Elkartearen artean: saihestu egin behar dituzte horrelako jende pilaketak.
Udara arraroa izanen da aranoarrentzat ere, toki guztietako biztanleentzat bezala. Baina ez dute bizigarririk faltako haiek, udara alaitzeko. Izan ere, gaztetxoek ibai bazterrera egindako arratsalde­pasa luzeei, perretxiko bila osa­tutako mendi bueltei, eta he­rri­an jolasean pasatako momentuei, bi berrikuntza gehitu dizkiete orain.

Udarako gauak luzatzeko, argi berriak frontoian
Hasteko, herriko frontoian berrikuntzak egin dituzte azkeneko aste hauetan, eta argiztapena hobetu dute. Frontoiaren es­kuineko aldean argiak jarri di­tuzte. Udara betean egin dute be­rrikuntza, eta udarako gau luzeak luzatzen lagunduko du horrek, frontoian aritu nahi dutenentzat.
Baina bereziki, neguan nabarituko dute eragina, Udaletik azaldu dutenez: «gaztetxoek, ne­guan eskolatik etortzen direnean, oso ordu gutxi dauzkate egun argiz, frontoian aritzeko eta kirola egiteko. Horregatik jarri nahi genituen argiak, kirola egiteko ordu gehiago izan ditzaten», nabarmendu dute.
Santio jaiei dagozkien egun hauetan piztuko dituzte aurrenekoz, eta modu sinbolikoan bada ere, balioko du aurtengo Santioei argi pixka bat emateko, eta ospatzeko zerbait izateko.

Aranori buruzko artelana osatzeko, artista batekin elkarlanean herritarrak
Baina frontoiko argiak ez dira herriari kolorea emanen dioten bakarrak, udara honetan. Izan ere, Landarte programak Aranon landuko du aurtengo proiektuetako bat, eta udaran eginen du herrira bisita artista batek, hori garatzeko.
«Kultura proiektu batean oinarritzen da Landarte programa, eta Nafarroako Gobernuak sustatzen du. Nafarroako landa ingurunean garatzen dira proiektuak, herritarrekin elkarlanean; eta fusionatzen da bestelako jarduera artistikoekin, herrian bertan bizi diren artistek lagunduta», azaldu dute Aranoko Udaletik.
Orain aste batzuk izan ziren herrian, Nafarroako Gobernuko ordezkariak, eta bere proiektua aurkeztu zien Aranoko Udalak. Sei herritan garatuko da Landarte proiektua aurten, eta horien artean hautatu dute Arano.
Horrela, dagoeneko hasi dira lanean: «Landarteko dinamizatzaileak izan dira herrian, eta hitz egin dute baserritarrekin eta herriko gaztetxoekin, besteak beste. Izan ere, herritarrek hasiera-hasieratik hartzen dute parte, eta horixe da proiektua hauen euskarria».
Dinamizatzaileak herria eta herriko ezaugarriak eta beharrak ezagutzen aritu dira, baina haiek ez dute garatuko proiektua. «Abuztu aldera, artista bat etorriko da, eta bi-hiru aste egonen da Aranon bizitzen. Bertakoekin harremanetan egonen da, eta elkarlanean garatuko dute proiektua. Artista zein izanen den ez dakigu, eta zein pro­iektu garatuko duen, are eta gutxiago! Sorpresa izanen da».
Mota askotarikoa izan daiteke artelana: «talde-lana eta eta ideia berritzaileak batzen direnean, balio kultural haundiko obra bereziak sortzen dira, eta herritarrak haiekin identifikatuta sentitzen dira. Lan horiek herriko ondare kulturalean txertatzen dira» azaldu dute. Izan ere, helburua da «auzolana bul­tzatu, herriaren ondareari ba­lioa eman eta tokiko nortasuna indartzen laguntzea».
Horretarako, «artistaren sormenetik» abiatzen dira proiektuak, eta «herri txikietako biztanleen ekarpenekin aberastu». Nabarmendu dutenez, «eragin zuzena» daukate «komunitatearen ongizatean, landa garapene­an eta ekonomian; eta identitatearen motor bilakatzen dira».
Horretatik zer nolako artelana aterako den jakiteko, itxaron egin beharko dute. Baina bitartean, beste bizigarri bat gehituko dio horrek, udarari.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!