Obrak

2021ean araztegia eraikitzeko 470.000 euro inbertituko ditu Nilsak Aranon

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 1a, 00:00

200 biztanletik beherako herri guztietan araztegiak jartzeko sozietate publiko honek daukan planaren barruko proiektua da.

Aranoko 116 herritarrek araztegia izango dute 2021ean eta Sagarbakoitz inguruan kokatuko da. Proiektuaren arabera, hustubide berri bat jarriko da, 420 metrokoa, Beheko Herriko herrigunetik instalaziora, eta, beste hustubide bat, 120 metrokoa, araztegitik Lorentxoren Bordako bidera; aurreko fase batean berritutako hustubidearekin elkartuko da puntu horretan.

Horrela azaldu du Nilsa sozietate publikoak, Nafarroako Gobernuaren Lurraldearen Kohesioko Departamentura atxikita dagoenak. Lanen aurrekontua 470.000 eurokoa da, eta nafar guztiek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen duten saneamendu-kanonaren bidez finantzatuko da, 200 biztanletik beherako herrietan araztegiak jartzeko planaren barruan.

Txikia, baina konplexua
Aranoko herriguneak bi nukleo bereizi ditu eta malda haundiko hegal batean daude: Beheko Herri, azpikoa eta txikiena, eta Goiko Herri, goikoa eta haundiena. Orokorrean, orografia konplexuko eremua da; malda haundiko hegalek eta bailara mehar (Urumea ibaia, Latxeko erreka) eta oso estuek proiektu osoa baldintzatu dute. Gainera, eremura iristea zaila da, eta, beraz, tamaina honetako herrietako urak arazteko, saneamendu-sistema sendoa behar da, mantentze-lan gutxikoa eta energia elektrikorik gabe funtzionatzeko aukera izango duena. Horregatik, «txikia izan arren, proiektua konplexua da» Nilsaren esanetan.

Horregatik, lehenengo mailako Imhoff (iragazki) bat eta balantzin-elementu baten bidez kargatutako iragazki bakteriano bat aukeratu dira, eta bigarren mailako Imhoff iragazki bat. Guztiak 675 metro karratuko azalera hartuko du, lehenago aipatuta hustubideek hartuko dutenaz gain.

Aurreikusitakoaren arabera, 0,28 litro segundoko emaria tratatuko du (24 metro kubiko egunean);  gehienez, 1,89 litro segundoko (168m3 egunean). Ekaitzak edo euri-jasak izaten direnean, goreneko emaria 0,67 litro segundokoa izatea espero da (58m3 egunean), beraz, «ia ezinezkoa da gainezkatzeak gertatzea».

Obrak 2021ean hasi, eta bost hilabetez luzatuko dira.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!