Inauteriak

Zomorroak eta haurren Zahagi Dantza protagonista Aranon, bailarako Inauteri goiztiarrenetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

Gaur ospatuko dituzte Inauteriak aranoarrek, eta egun osoko festa prestatu dute. Goizean goiz abiatuko dira Zomorroak puska biltzera, bazkaria eginen dute gero, eta Zahagi Dantza izanen da arratsaldean. Afalostean, bingo musikatua.

Bailaran beste inon baino lehenago ospatuko dituzte Aranon, urtero bezala, Inauteriak. Gaur bertan izanen dira, eta egun osoko festa prestatu dute, Zomorroak eta Zahagi Dantza protagonista direla.

Goizean goiz abiatuko dira Zomorroak puska biltzera, Izer eta Alabierren trikiti eta pandero doinuek lagunduta. Goizeko 08:00etan jarri dute hitzordua, eta Beltsoko bordan hasiko dira.

Elkarrekin igaroko dute goiza aranoarrek, beraz; eta bazkaldu ere, elkarrekin eginen dute, Zomorroen bazkariarekin. Horretarako, hori bai, Kontsejun eman behar zen izena, ostegunera arte.

Arratsaldean, berriz, Zahagi Dantza biziberrituak hartuko ditu Aranoko kaleak. Haurrek eginen dute beste behin, 2016an erreleboa hartu zutenetik egin duten bezala. 17:30etan hasiko dute, ohitura zaharra.

Eta eguna modurik onenean bukatzeko, afari herrikoia antolatu dute elkartean; eta bingo musikatua izanen da ondoren, saltsa jartzeko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!