Inauteriak

Iñauterien aurretik, zahagi dantza hizpide biharko jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00
Azken urteetan haurrek hartu dute zahagi dantzaren erreleboa.

Badatoz Iñauteriak Aranora; nahiago bada, Karnabalak, Iñoteik edota Zaldun Iñoteia. Hain zuzen, hasi berria den hil honen 15ean eginen dira; bi aste barru. Aurretik, baina, prestaketa lanetan hasiak dira.

Horrela, bihar, zahagi dantzaren inguruko jardunaldia antolatu dute. Maisuenean eginen da, arratsaldeko 18:30etan hasita. Parte hartu izan dutenek beren esperientziaren berri emanen dute.

 

Zahagi dantzarekin nola segi hizpide, bihar

Oraindik zehaztu ez bada ere, aurtengo Iñauterietan ere azken urteetako martxa segiko dutela espero dute aranoarrek. Normalean, goizean goiz abiatzen dira puska biltzen Surotik, eta bazkari baten bueltan indarrak berreskuratu ondoren, zahagi dantza eta desfilea izaten dituzte arratsaldez, eguna afariarekin borobiltzeko, askotan.

Eta hain zuzen, zahagi dantzaren inguruan hausnartzeko jardunaldia antolatu dute bihar arratsalderako. Bertan, batetik, dantzaren jatorriaren inguruko azalpenak ematea da asmoa, eta izan duen garapenari buruz hitz egitea. Horretarako, zahagi dantzan parte hartu izan duten herritarrak gerturatuko dira jardunaldira.

Behin dakitena erakutsita, zahagi-dantzari berriei eta datozenei ikasteko aukera emanen zaie, eta denen artean aurrera nola egin erabakitzeko ideiak biltzea izanen da azken helburua; zahagi dantzarekin jarraitzeko moduen inguruan hausnartzea, hain zuzen.

 

Bideo eta argazkiak ere bai

Biharko jardunaldian, hala ere, dena ez da tertulia izanen. Horrez gain, argazki zaharrak eta bideoak ikusteko aukera ere izanen dela aurreratu dute, «oroitzapenez beteak».­ 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!