GUIFINET

«Espero dugu hurrengo astean antena nagusiak jarri ahal izatea, eta ondoren, etxez etxe jartzen hastea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00
Lehengo asteko bileran eman zuten Guifi.net zerbitzua martxan jartzeko datozen pausuen berri.

Suro auzoan jarria daukate, dagoeneko, Guifi.net zerbitzua, eta Goiko eta Beheko Herrin jarriko dute orain. Administraziotik azken baimenak lortu bezain pronto jarriko dituzte behar diren antenak, internet zerbitzua martxan jartzeko.

Suro auzoan badira lau erabiltzaile, dagoeneko, Guifi.net internet zerbitzuaz gozatzen dutenak, eta laster, zerbitzua herri osora zabaldu ahal izanen da. Hala azaldu du Unai Gorrotxategi informatikariak. «Udala Nafarroako Gobernuko telekomunikazio agenteekin harremanetan dago, burokrazia aldetik egin beharrekoak egiteko. Aste honetan Udalaren baiezkoa jasotzea espero dugu, eta Goiko eta Beheko Herrin jartzen hasiko gara».

 

Antenak oraingoan, herrian

2018an abiatu zen Guifi.net zerbitzua martxan jartzeko proiektua, eta iaztik zerbitzua jarrita daukate Suro auzoko lau etxebizitzatan. «Oso ondo dabil, eta orain gauza bera egin nahi da Goiko eta Beheko Herrin», azaldu du Gorrotxategik.

Hain zuzen, datozen pausuak zein diren argitzeko, bilera egin zen herritarrekin pasa den asteburuan. Suro auzoa internet konexio honetara lotzeko Oiartzunen jarri zituzten antenak, baina oraingoan, herrian jarri beharko dira. «Goiko eta Beheko Herri konektatzeko, Aranon, hilerrian eta udaletxean jarri behar dira antenak».

 

Azken baimenen zain

Gauzak horrela, behar diren azken baimenen zain daudela aurreratu zuen Gorrotxategik, eta datorren astean lanean hasteko moduan izanen direla uste du.

«Espero dugu hurrengo astean antena nagusiak jarri ahal izatea, eta ondoren, etxez etxe jartzen hastea. Udala da interesa duen aurrenekoa, oraingo interneta nahiko kaxkarra baita».

Udalaz gain, beste 15-20 erabiltzaile edo etxebizitza ingururentzat ere jarriko da martxan zerbitzua.

Honi esker, beste herri batzuekin alderatuta Aranok dauzkan desberdintasun teknologikoak gainditu ahal izanen dira. Izan ere, telekomunikazio enpresei ez zaie errentagarria egiten eskualde menditsuetan zerbitzu ona ematea, eta Guifi.net zerbitzuak arazoari alternatiba bilatu dio. Aurrerantzean, internet eta bestelako zerbitzuak eskuratuko dituzte herritarrek, eta Udalak ere, hobeto lan egin ahal izanen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!