JALKI KULTUR ELKARTEA

Zita hirukoitza gaur, 'Napardeath' eta Atopia rol jokoa ezagutzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 28a, 00:00
Hainbat pertsonaia daude aukeran Atopian: txikiteroa, sindikalista, influentzerra...

Gabonetako oporraldia aprobetxatuta, arratsalde pasa ederra egiteko aukera proposatu du gaurko, Jalki kultur elkarteak: Napardeath pelikula ikusi eta ondorengo solasaldian parte hartu, elkartean afaldu eta Atopia rol joko berria probatu ahal izanen da.

Pelikula eta solasaldia
Arratsaldeko aurreneko hitzordua 19:00etan jarri dute. Napardeath pelikula jarriko dute Maisuenean, eta segidan, solasaldia eginen da Beñat Iturrioz, zuzendari hernaniararekin eta pelikulan parte hartu duten aktore batzuekin. 

Katihotsak elkarteak egindako trilogiako azken pelikula da hau. Aurretik. Ataun Of The Dead eta Joxean's Hil Eben egin zituzten, Zumalakarregi jenerala berpiztu nahi zuten zientzialari batzuen istorioarekin hasi eta jeneralaren beraren pausuak jarraitzeko.

Solasaldiarekin bukatuta, elkartean afaltzeko aukera izanen dute izena eman dutenek.

Atopia rol jokoa, estrainekoz

Eguna borobiltzeko Atopia Rol Jokoa probatzeko aukera izanen da. Euskeraz sortu eta merkaturatu den aurrenekoa da, iazko Durangoko Azokan Sormen Beka jaso ondoren, Etzi PM kolektiboak errealitate egin duena. Bertako partaide dira Aranoko Ohiana Kal­par­soro eta Unai Gorro­txategi.
Jokorako liburu bat argitaratu dute, «taldean sortu, idatzi eta marraztua, taldean irakurri eta jokatua izan dadin». Literatura fantastikoa eta jolas kolektiboa nahasten dira bertan. Hainbat pertsonaiaren artean aukeratu ahal izanen dute jolasera animatzen direnek. Eta behin probatu eta gustukoa dutenek, www.atopia.eus webgunean eskuratu dezakete.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!