Aizkolari eta bertsolariak protagonista aurten ere, jaietako egun nagusian

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 22a, 02:00

Gainbeherarik ez dute izanen Santio jaiek, gaur hasi eta asteartera bitarte. Azkeneko eguna izanen baita aurten, jaietako egun nagusia: Santio eguna.
Asteartearekin tokatu da aurten, baina ohiko ekintzei eutsiko diete aranoarrek. Goizean, esku pilotak jarriko du saltsa, frontoian. Izan ere, Arano eta Goizuetaren arteko lehia izanen da, lau pilotari gazterekin: Huizi eta Lizeaga ariko dira Aranoren alde jokoan, eta Salaberria eta Apezetxea izanen dira goizuetarren ordezkari. Bi herrietako zein nagusituko da aurten?
Eta arratsaldean, hutsik ez dute eginen aizkolari eta bertsolariek. Aizkora apustua izanen da aurrena, herrian eza­gunak diren lau aizkolarirekin: Aizar­na­ko Luis Txapartegi eta Ezkurrako Moi­ses Gogortza, Errezilgo Arria V eta Ara­no­ko Xauxar baserriko Joseba Izetaren kontra.
Eta segidan, bertsolarien bueltan bilduko dira aranoarrak. Lau bertsolari haundik piztuko dituzte bertaratuen barre algarak: Maialen Lujanbiok, Unai Agirrek, Eneko Lazkozek eta Jexux Mari Irazuk. Hori izanen da jaietako azkeneko gozagarria, baina luze joko dute poteoak eta solasaldiek gero, ziur!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!