Siriako errefuxiatuak etxean hartzeko prest azaldu da Marta Olaizola aranoarra. ACNURen eman du izena, errefuxiatuei laguntzeko NBEk (ONU) Espainian duen agentzian. Kronikari azaldu dionez, ez du baldintzarik jarri, hau da, eskatzen zaionari erantzuteko prest egongo litzateke. Orain, erantzunaren zain dago.
Etxekoen babesa, hasieratik
Herritar gehienak bezala, telebistan berriak ikusten ari zela izan zuen Martak, Siriako egoera eta errefuxiatuen berri. Kanpoan bizitutakoa da Marta, eta etxea urruti izanda sentitzen denak mugituta edo, eman zuen pausua: «Londresen bizitu izan naiz bi urtez. Nire anaiak ere, kapoan bizi dira, eta egoera tristea izaten da bisitan etorri eta joan behar izaten dutenean. Kontuan izan behar da, kasu honetan, ekonomiak bultzatuta edo, nahi dutelako bizi direla kanpoan. Eta hala ere, gogorra da. Pentsa orduan, zer sentituko duten siarrek, etxea eta jaioterria halako arrazoi batengatik atzean utzi behar dutenean. Ana Pastorren artikulu bat ere irakurri nuen, barrua mugitu zidana... eta aurrera egitea erabaki nuen».
Etxeko babesa ere ezinbestekoa dela azaldu du Martak: «Hiru seme-alaba ditut, eta etxekoen babesa ezinbestekoa da. Ezer egin aurretik senarrarekin hitz egin nuen eta esan nion: mesede bat eskatu behar dizut eta ezin didazu ezetzik esan. Berehala esan zidan baietz, eta egun horretan, berak bidali zidan ACNUReko telefonoa, egunkari batean ikusita».
Beharrari erantzuna emateko prest
Martak azaldu duenez, ACNURek eramaten ditu errefuxiatuen inguruko gaiak, eta deitzea erabaki zuen: «zer eskaini nezakeen galdetu zidaten lehendabizi. Nik baldintzarik ez nuela jarriko esan nien... behar zena eskaintzen genuela... ez ohe bat... nik etxea eskaintzen dut, gurekin bizitzea. Batentzako beharra badago, bat hartuko dugu, eta familia oso bat hartu behar bada, seme-alabak jarriko ditut logela berean... Beharrak zehazten zituztenean, gurekin harremanetan jartzeko eskatu nien, eta orain zain gaude».
Deiaren zain, orain
Arano Nafarroa izanda, Martaren ustez, Nafarroako gobernutik deituko diete. Kronikari azaldu dionez, jakin badaki, Gipuzkoan bileraren bat egin dutela, eta etxeak baino, laguntza behar dela: «hemendik mugitzen erakutsi, tramiteak egiten lagundu...».