Urtean bada egun bat aranoar guztiak elkartzen dituena: Inauteriak. Zomorroz betetzen dira herriko kaleak, eta festa izaten da goizean goizetik gaueko ordu txikiak arte. Datorren larunbatean izanen dute egun haundia, eta guztia prest dute. Goizeko 08:00ak inguruan egin dute hitzordua Beltsoko bordan. Tradizioz Kontsejutik atera izan dira ia beti, baina azken urteetan lekuz aldatu dute, ordu horretan itxita egoten delako. Pixkanaka iristen dira aranoarrak Beltsoko bordara. Antolatu, kafesne bero-beroa hartu, eta giro ederrean hasten dute bidea, puxka biltzeko asmoz.
Baserriz baserri, puxka biltzen
Herrian barrena eginen dute buelta, larunbatean. Baserriz baserri ibiliko dira, Izer eta Alabier trikiti eta panderoak girotuta. Suro auzotik abiatuko dira, eta geltoki izanen dituzte: Xauxar, Arranbide, Benta Berri, Maila, Ezkerran borda, Sagar Gazte, Leontxon borda, Larratxuri, beheko herria eta goiko herria.
Begoña Leonet aranoarraren ustez, puxka biltzea aitzakia ere bada herritarrekin harremana izateko, bisita egiteko: «kasu egiten diegu, hitz egin, nola dauden jakin. Eta harrera ezin hobea izaten dugu: kafesnea, jateko zeozer... denetatik izaten da. Noski, inongo obligaziorik gabe, borondatez egiten dute». Izenak berak dioen moduan, puxka ere biltzen dute: «kajero bat izaten da taldean, eta honek jasotzen du ematen diguten dirua. Eta oilaskoak, arrautzak, hirugiharra eta bestelakoak ere ematen dizkigute. Burruntzian sartzen ditugu hauek».
Garai batean puxka biltzen zen, ondoren egiten zen bazkarirako janaria izateko. Gaur egun ordea, herriko norbaitek hartzen du ardura, bazkaltzekoak erosi eta otordua prestatzen du: «boluntarioak izaten dira urtero. Puxka biltzea eguerdiko 15:00ak inguruan bukatzen dugu, eta zomorroak, trikitilari eta dantzariak... festaren parte izan direnak elkarrekin bazkaltzen dugu. Tarteka, puxkan bildutakoa ere jaten dugu».
«Gerra garaiko hiru urteak kenduta, beti ospatu izan dira inauteriak Aranon»
Zahagi Dantza eta afaria, eguna bukatzeko
Zahagi Dantzak markatzen du arraltsadea. Zomorroek puxka biltzean gonbidatzen dituzte herritarrak. Arratsaldean elkartzen dira guztiak, 17:00ak inguruan. Zomorroek bi fila osatzen dituzte, eta dantza egiten dute. Erdian bi pertsonaia izaten dira, emakumea eta gizona, eta azken honek eramaten du zahagia. Antzerki moduko bat egiten dute. Bi pertsonaia horiek dira hain zuzen, saltsa jartzen dutenak: «bazkalorduan erabakitzen da zeinek izanen duten paper hori, eta guztia prestatzen laguntzen zaie. Sorpresa ukitu bat ere izaten da: nola prestatuko diren, nola etorriko diren. Izan dira urteak trineoan, bizikleta gainean, asto gainean etab. etorri direnak...» Dantza lau aldiz egiten dute: beheko tabernan hasi, Etxe Handi parean segi, iturri parean jarraitu eta herriko plazan bukatu.
Afalordura bitartean, herritarrak festa giroan elkartzen dira, zerbait hartu eta hitz egiteko. Afaria izaten da eguneko ginda. Bertan elkartzen da herria: zomorroak, mozorrotu direnak, trikitilariak, herritarrak... Festa ederra izaten dela dio Begoña Leonetek: «herria elkartzen da, afaltzera. Giro ederra izaten da, oso ona... gaueko ordu txikiak arte luzatzen da, trikiti eta pandero doinuekin dantzan bukatzen dugu. Aipatu nahiko nuke, herriko txikienetik hasi eta heldueneraino, denok bizi dutela barru barrutik egun hau, eta horrek egin duela urteetan zehar mantentzea».
«Orain 100 urteko jantzia dugu etxean, museoko altxorra balitz bezala»
Eboluzioa urteen poderioz
Gerra garaiko hiru urteak kenduta, beti ospatu izan dira inauteriak Aranon. Lehen asteartez ospatzen zuten eguna. Gazteek heldu ziotenean ordea, larunbatera aldatu zuten, guztiek disfrutatzeko aukera izan zezaten. Ohitura guztiek bezala, honek ere izan du eboluzioa. Lan horretan aritu da Begoña Leonet: «puxka biltzea esaterako, antzeko egiten da. Abiatu 08:00etan egiten ziren Kontsejutik, nahiz eta Plazako tabernatik ere atera izan diren. Lehen Liztorrei eta Bordaxarreta baserrietara ere joaten ziren. Aldeetako bat zen, lau lagun janzten zirela zomorroz, gizonak guztiak. Normalean ongien dantzatzen zutenak izaten ziren. 1947an esaterako, atera ziren Jesus Mari Leonet aita, Felix Huizi Gaztazko bordakoa, Manolo Egurretxea Plaza tabernakoa eta Victor Escudero Mailakoa».
Emakumeak 70. hamarkadan hasi ziren ateratzen. Maite Loiarte izan zen aurrenekoa, eta handik aurrera beti izan dute presentzia: «ez da inoiz arazorik izan horrekin, eta beti oso ongi eta giro onean joan da guztia».
«Kolore asko dituzte berreskuratutako jantziek»
Begoña Leonetek askotan entzun zuen aitaren ahotik, zomorroen jantziak asko aldatu zirela eta garai batekoak galtzen ari zirela. Hala, urte batean, aitari galdetu eta historia errekuperatzea erabaki zuen, eta tartean, garai bateko jantziak ere bai: «Franko hil ostean jantziak aldatzen joan ziren, eta izaera koloretsu hura galdu, eta ikurrinaren koloreek hartu zituzten. Aitak azaldu zidan garai bateko janzkera: alkandora txuria eta ezkerreko besoan zinta zabal bat josia, edozein kolorekoa. Atzean berriz, bizkarretik, zinta pila bat zintzilik, kolore guztitakoak, belauneraino. Galtza zuriak, eskuz bordatuak, marrazki ugarirekin eta koskabilurik gabe. Zapela gorria, borla beltzarekin eta zintarik gabe. Eta oinetan apreta txuriak, eskuz bordatuak».
2000 urtean aranoarrak elkartu zituen Begoña Leonetek, eta erabaki zuten pixkana garai bateko janzkera errekuperatzea. Aranon, etxean gordea du orain 100 urte inguruko jantzia, Alzuritar jostuanak Dionisio Leonet osabari egina. 15 urterekin atera zen osaba, eta 18rekin hil egin zuten, gerran. Geroztik jantzi izan dute trajea Segundo eta Luziano osabek, eta Jesus aitak. Azkenekoz Jexux Leonet anaiak jantzi zuen 90eko hamarkadan: «etxean godertzen dugu, museo bateko altxorra balitz bezala. Eta nik replika bat dut egina, inauterietan ateratzen naizenerako».