AURTENGO sentsibilizazio kanpaina irisgarritasun kognitiboan murgilduko dela azaldu zuen Atzegi Elkarteak asteartean, Beterri-Buruntzako kideekin batera Lasarte-Orian emandako prentsaurrekoan.
Urriaren 11ra arte izango dira Gipuzkoako herri ezberdinetan, aurtengo sentsibilizazio kanpaina aurkezten, eta urriaren 8an eskainiko dute ekitaldi nagusia, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Kanpainaren helbura da adimen desgaitasuna duten pertsonek egunerokoan bizi dituzten zailtasunak gizarteari ulertaraztea. Hortaz, ?Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi? lelopean gonbidatzen dute gizartea, beren «errealitate intelektuala» bizitzera.
Aloña Agirrek, Atzegi Elkartearen eskualdeko arduradunak, azaldu zuenez, irisgarritasuna ez da soilik fisikoa, kognitiboa ere bada. «Egunerokotasunean gauza sinpleena korapilatzeak, adimen desgaitasuna dutenen dependentzia areagotzen du, beren autonomian eta bizi kalitatean eraginez, zuzen-zuzenean», azpimarratu zuen Agirrek.
Eskualdeko ordezkariaren hitzetan, «adimen desgaitasuna dutenentzat ulertzeko errazagoa den inguru bat lortzea da xedea», etorkinentzat eta helduentzat ere mesedegarria izango litzatekeela argudiatuz. Horretarako, guztiontzat mundu ulergarriago bat egiten laguntzeko, mezuak argi idazteko eskatu dute aurten, testuak irudiekin lagunduz eta koloreak erabiliz, besteak beste.
Guztientzako mundu ulergarriago bat egiteko laguntza eskatzen dute aurten
Pegatinak nonahi, mesedez
Bankuko idatziak eta epaitegietako eskutitzetako testuak sinpletzeko eskatu duten arren, edozein taberna edo establezimendutan komunak ondo seinaleztatzeko eskaera ere luzatu zuten asteartean.
Mezuak hobeto ulertzeko, pegatinak erabiltzea teknika ona dela adierazi zuten elkarteko kideek eta bisualki oso ulerterraza den zerbait jartzeko eskatu zuten: «emakumezkoen komunean, emakume bat irudikatzen duen pegatina bat agertuko balitz, ez nuke laguntzarik eskatu beharko komunera joan ahal izateko», adierazi zuen Aihotz Albizuk, Atzegi Elkarteko kideak.