Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako bederatzi, Gipuzkoako txapela Hernanira ekarri nahian

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 14a, 02:00

Maiatzean egindako Gipuz­koa Bertsotan sailkapen fasean lortu zuten Gipuzkoako Ber­tso Txapelketarako txartela, Hernaniko Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako sei bertsolarik: Iñaki Zelaiak, Asier Azpi­ro­zek, Iker Ormazabalek, Eñaut Martikorenak, Eli Pagolak eta Andoni Mujikak. Beste hiru, berriz, sailkatuta zeuden ordurako, 2015eko txapelketan egin­­dako lanari esker: finalaurrekoetara iritsi zen ordukoan Unai Gaztelumendi; finaleraino, Agin Laburu; eta txapela jantzi zuen, Beñat Gaz­te­lu­men­dik.

Aurtengo txapelketa, berriz, gaur hasiko da, Oñatin egingo den saioan, eta txapelketan ariko den aurreneko hernaniarrari bertan kantatzea egokitu zaio: Andoni Mujika ariko da gaur, 17:00etan hasita, Santa Ana antzokian.

Andoni Mujika hernaniarrak Lizardi Sariketako txapela jantzi berri duen Maider Arregi izango du aurrez aurre gaur, besteak beste, Oñatiko saioan.

Final zortzirenak, urrira arte

Oñatin gaur hasiko den txapelketa final zortzirenekin hasiko da. Denera, zazpi final zortziren jokatuko dira, urrira bitartean, eta Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako zazpi bertsolarik kantatuko dute horietan.

Andoni Mujika izango da au­rrenekoa, gaur, Oñatin. Ma­ia­tzean egin zen Gipuzkoa Ber­tsotan sailkapen fasean txapelketarako txartela lortu zu­ten 34 bertsolarien artean az­ken postuan sailkatu zen, 304,5 punturekin, Legorretako Odei Lopez Larraurirekin berdinduta. Gaurko saioan, hernaniarrak beste bost bertsolarirekin aritu beharko du: Amaia Iturriotz Etxaniz, Aratz Igartzabal Bidegain, Felix Zubia Olaskoaga, Haritz Mujika Lasa eta Maider Arregi Markule­ta­rekin. Azken honek Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketako txapela jantzi berri du, irailaren 6an Zarauzko Modelo aretoan jokatutako finalean, eta Gi­puz­koa Bertsotan sailkapen fasean hirugarren izan zen, 338,5 punturekin. Haritz Mu­ji­ka, berriz, sailkapen fasean puntuazio altuena lortu zuen ber­tsolaria izan zen: 344 puntu.

Hurrengo final zortzirenak bihar jokatuko dira Amasa-Villabonan. Hor ez da Herna­niko Bertso Eskolako kiderik izango, baina bai irailaren 21ean, Ordizian: Asier Azpiroz. Zubietarra 8garren sailkatua izan da, 329 punturekin.

Hurrengo saioan, irailaren 22an Zumaian, ez da herriko ordezkaririk izango, baina hu­rrengo hiruretan bai. Irai­la­ren 28an Zumarraga-Urretxun ari­ko dira Eli Pagola eta Iker Or­ma­zabal. 325 puntu lortu zi­tuen azken honek, eta 13ga­rren postuan sailkatu zen txapelketarako. Pagola, 316 punturekin, 19garren izan zen.

Hurrengo egunean, hilaren 29an Elgoibarren ariko dira Eñaut Martikorena hernaniarra eta Unai Gaztelumendi añorgatarra. Azken hau zuzenean sailkatuta zegoen, 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara iritsi zela eta. Martikorena, berriz, sailkapen fasean 17ga­rren eginda sartu da txapelketan, 318 punturekin.

Final zortzirenekin buka­tzeko, azken saioa urriaren 5ean jokatuko da Lasarte-Orian, eta bertan Iñaki Zelaiak kantatuko du. Bigarren izan da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean, 339 puntu bilduta.

Hernaniko Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako zazpi bertsolari ariko dira final zortzirenetan, eta beste bi, final laurdenetan.

Hernaniko eskolako astigartarra eta añorgatarra, final laurdenetan

Iraulio Panttaloneko bederatzikoa osatzeko falta diren biak, bestalde, zuzenean final laurdenetan hasiko dira lehian. Izan ere, finalean izan ziren azken txapelketan, biak.

Agin Laburu astigartarrak bigarren final laurdenean kan­tatuko du, urriaren 20an Iru­nen egingo den saioan. Au-r­re­neko final laurdena bezperan, urriaren 19an egingo da, Andoainen. 

Hurrengo saioa Eibarren izan­go da, urriaren 26an, eta hurrena, 27an, Azpeitian. Az­ken final laurdena, Azkoi­tian, azaroaren 2an jokatuko da. Ber­tan ariko da azken Gipuz­koako Bertsolari Txapelketako txapelduna: Beñat Gaztelu­men­di añorgatarra.

Azken fasean, 18 bertsolari

Denera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ariko diren ber­tsolariak 48 izango dira. Horie­tatik 34, Gipuzkoa Bertsotan sail­kapen fasean txartela lortutakoak, eta beste 14ak, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zutenak. Horiek denen artean, berriz, 18 izango dira aurtengo txapelketan azken fasera pa­sa­tzea lortuko dutenak.

Hiru finalaurreko jokatuko dira, eta bakoitzean seina ber­tsolarik kantatuko dute; bost final laurdenetako txapeldunek eta puntuazioaren arabera aurreneko 13ren artean geratu direnek. Azaroaren 17 eta 24an eta abenduaren 1ean egingo dira saioak, Arrasate, Oiartzun eta Tolosan, hurrenez hurren.

Horien artetik, aurreneko 5 sailkatuek eta finalaurreko bakoitzeko txapeldunek jokatuko dute finala, abenduaren 14an, Donostiako Arena-Illun­ben. Denera, 8 izango dira.

Saioz saio, hainbat lan

Txapelketako fase bakoitzean hainbat lan egin beharko dituzte parte-hartzaileek, eta ez dira beti berdinak izango. Horrela, final zortzirenetako saioetan, bost lan izango dituzte bertsolariek: binaka, gaia emanda, zortziko haundian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; bakarka, aurreneko puntua emanda, zortziko txikian bina bertso; binaka berriro, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta kar­tzela, hau da, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Final laurdenetako lanak ez dira asko aldatuko. Binaka egin beharreko aurreneko la­nak berdinak izango dira. Bai­na hirugarren txandan binaka ari beharko dute parte-hartzaileek, gaia emanda, 6 puntuko motzean, eta berriro ere binaka egingo dute gero, hamarreko txikian. Bukatu, kartzelakoarekin egingo dute berriro.

Finalaurrekoari dagokionez, binaka hasiko dira, gaia emanda, hamarreko haundian hiruna bertso osatzen, eta zortziko txikian beste hiruna bertso egin beharko dituzte gero, binaka baita ere. Segidan, binaka jarraituko dute, 6 puntuko mo­tzean hiruna bertso egiteko, eta gero, zortziko txikian, puntutatan, zortzi bertso osatu arte. Bakarka, kartzelakoan bakarrik egin beharko dute.

Finalean berriro ere binakako lanekin hasiko dira ber­tsolariak. Aurrena, gaia emanda, zortziko haundian hiruna bertso botako dituzte. Gero, zortziko txikian beste hiruna. Segidan, bakarka, aurreneko puntua emanda, zortziko txikian hiru bertso egingo dituzte. Berriro binaka jarraituko dute, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso osatzeko, eta bakarka gero, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso osatu arte. Buruz burukoan ariko direnek izango dituzte hortik aurrerako lanak. Binaka, seina puntuko motzean hiruna bertso bota beharko dituzte aurrena, eta zortziko txikian puntutan, beste zortzi bertso. Bu­ka­tzeko, ohi bezala, kartzelako la­nari egin beharko diote aurre.

Hernaniar gehiago, eszenatokiaren bestaldean

Lan horiekin gozatuko duten hernaniarrak ere ez dira gutxi izango, seguru. Dagoeneko salgai daude saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus web­gunean, eta saio bakoitzaren aurretik, aretoetan.

Baina eszenatokiaren bestaldea bi tokitatik begiratu daiteke. Publikoa oholtzaren au­rrean egongo da, eta atzean, be­rriz, gai-jartzaile taldea eta epaile eta idazkari taldea. Ha­mabost dira gai-jartzaileak; ha­masei, epaileak; eta lau idaz­kariak. Azken hauen taldea osatzen dute beste hernaniar batzuk ere. Amaia Otxo­to­rena Gamio ereñotzuarra 2014az geroztik da epaile taldeko kide. Bakarne Urreaga, be­rriz, 2003az geroztik. Ane Erraz­­kin, 2015ean hasi zen idaz­kari taldean. Eta Iñigo Le­gor­­buru, errenteriarra izanik ere, Hernanin bizi dena, Xen­pelar bertso eskolan ibilia da, eta bertso-paperetan edota epai­letza lanetan aritua da.


Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 

2019ko irailaren 14tik abenduaren 14ra

FINAL ZORTZIRENAK

 Gaur, Oñatiko Santa Ana Antzokian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Amaia Iturriotz Etxaniz, Andoni Mujika Izagirre*, Aratz Igartzabal Bidegain, Felix Zubia Olaskoaga, Haritz Mujika Lasa, Maider Arregi Markuleta.

Bihar, Amasa-Villabonako Gurea Antzokian, 17:00etan.

Bertsolariak: Beñat Iguaran Amondarain, Iban Urdangarin Lardi­za­bal, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Maialen Akizu Bidegain, Odei Lopez Larrauri, Oier Etxeberria Zubimendi.

 Irailaren 21ean, Ordiziako Herri Antzokian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo, Aitor Urbieta Aizpurua, Ane Zuazubiskar Iñarra, Asier Azpiroz Iztueta*, Beñat Lizaso Alberdi, Manex Mujika Amunarriz.

 Irailaren 22an, Zumaiako Aita Mari Zineman, 17:00etan. 

Bertsolariak: Ander Lizarralde Jimeno, Beñat Jauregi Etxeberria, Gorka Maiz Alustiza, Eñigo Gorostarzu Etxebeste, Jokin Bergara Eguren, Unai Muñoa Amundarain.

Irailaren 28an, Zumarra­ga-­Urretxuko Zelai Arizti aretoan, 17:00etan. 

Bertsolariak: Eli Pagola Apezetxea*, Iker Ormazabal Ojeda*, Iñigo Izagirre Urteaga, Mikel Tapia Aierbe, Nerea Elustondo Plazaola, Unai Mendizabal Jauregi.

Irailaren 29an, Elgoibarko Herriko Antzokian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Ane Labaka Mayoz, Endika Igarzabal Murua, Eñaut Martikore­na Lizaso*, Iñaki Gurru­txa­ga Zubimendi, Jokin Uranga Isuskiza, Unai Gaztelumendi Arandia*.

 Urriaren 5ean, Lasarte-Oriako Menuel Lekuona Kultur Etxean, 17:00etan. 

Bertsolariak: Aitor Salegi Martija, Eneko Araiztegi Agirre, Iñaki Zelaia Irazusta*, Mikel Artola Izagirre, Oier Aizpurua Olaizola, Unai Izagirre Etxeberria.


FINAL LAURDENAK

Urriaren 19an, Andoaingo Bastero Kulturgunean, 17:00etan. 

Bertsolariak: Iñaki Apa­la­te­gi Astigarraga, Amasa-Vi­llabonako 1goa, Zu­ma­rra­ga-Urretxuko 1goa, eta puntuazioz 3, 12 eta 13garrenak.

Urriaren 20an, Irungo Amaia Kultur Zentroan, 17:00etan. 

Bertsolariak: Agin Laburu Rezola*, Oñatiko 1goa, Ordiziako 1goa eta puntuazioz 4, 11 eta 14garrenak.

Urriaren 26an, Eibarko Coliseo Antzokian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Jon Maia Soria, Zumaiako 1goa eta puntuazioz 1goa eta 5, 10 eta 15garrenak.

Urriaren 27an, Azpeitiako Soreasu Antzokian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Alaia Martin Etxebeste, Oihana Iguaran Barandiaran eta puntuazioz 2, 6, 9 eta 16garrenak.

Azaroaren 2an, Azkoitiako Baztartxo?Antzokian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Beñat Gazte­lu­mendi Arandia*, La­sar­te-Oriako 1goa, Elgoibarko 1goa eta puntuazioz 7, 8 eta 17garrenak.

FINALAURREKOAK

Azaroaren 17an, Arrasateko Urkape frontoian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Andoaingo 1goa, Irungo 1goa eta puntuazioz 2, 7, 8 eta 13garrena.

Azaroaren 24an, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Azkoitiko 1goa eta puntuazioz 1goa eta 3, 6, 9 eta 12garrenak.

Abenduaren 1ean, Tolosako Usabal kiroldegian, 17:00etan. 

Bertsolariak: Azpeitiko 1goa, Eibarko 1goa eta puntuazioz 4, 5, 10 eta 11garrenak.

FINALA

Abenduaren 14an, Donostiako Arena-Illunbe, 17:00etan. 

Bertsolariak: Arrasateko 1goa, Oiartzungo 1goa, Tolosako 1goa eta puntuazioz 1goa eta 2, 3, 4 eta 5garrenak.

*Hernaniko Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako bertsolariak.

SARRERA SALMENTA

Txapelketa saio guztietarako sarrerak salgai daude, dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Era berean, sa­io­en egunetan ere jarriko dira sal­gai, aretoan bertan. Txar­tel­degietan finaleko sarrerak ere izango dira.

Sarreren prezioak desberdinak dira saio motaren arabera, eta prezio bereziak ere badira Bertsozale El­kar­teko bazkideentzat eta 6-16 ur­te bitarteko gazteentzat. Ho­rre­la, final-zortzirenetako saioetarako sarrerek 10 euro balio dute; 7 euro, bazkideentzat, eta 5 euro, gazteentzat. Final-laurdenetarako sarrerek, be­rriz, 12 euro balio dute; 9 euro, bazkideentzat eta 5 euro, gazteentzat. Finalaurrekoetarako sarrerak 13 eurotan daude; 11 eurotan bazkideentzat eta 7 eurotan gazteentzat. Finale­rako sarrerak, berriz, 24 euro balio ditu; 18 bazkideentzat eta 12 gazteentzat.

Bestalde, bonoa erosteko aukera ere izango dute Ber­tso­zale Elkarteko bazkideek, 80 euroan. Bonoak saio guztietarako balioko du, finaleko saiorako izan ezik. Hori aparte erosi beharko da. 


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!