Hernaniko San Joan jaietan bada ekitaldi bat ia inoiz falta izan ez dena, eta hori, haurren Aurreskua izan da, baina aurten ez da aurreskurik egingo. Herritar askok festetako programa etxean jaso dutenean harriduraz ikusi dute aurreskua falta zela, eta hori nola den posible edo zer gertatu den galdezka aritu dira. Bizitza osoan ezagutu dute hernaniarrek Aurreskua, eta somatu dute bere falta.
Azken 54 urtetan Carlos Sanchizek gidatuta antolatu da, eta aurten ez antolatzearen arrazoi nagusia Sanchiz berak argitu du. «Urte asko daramatzat antolatzen, 54 urte, eta belaunean ere ebakuntza egin didate. Otsailean Udalean esan nuen ez nuela jarraituko, eta utzi egingo nuela. Orduan ebakuntzaren zain negoen, eta banekien edozein momentutan deituko zidatela. Horri gaineratzen badiogu daramatzadan urteak, uzteko momentua zela ikusi nuen. Azken urteotan ikusten nuen gertu zegoela momentu hori, eta iritsi da».
Hala ere, Carlos Sanchizen erretiroak nola ekarriko du ba, Aurreskua bertan behera geratzea?, galdetzen dute askok. «Ez dagoelako inor ere atzetik prest, antolatzeko» erantzuten du. «Nik otsailean ezagutarazi nuen nire erabakia, eta hiru-lau hilabete izan dira ordezkoa bilatzeko edo antolatzeko. Eta ez da inor ere aurkeztu».
Udalak Jai Batzordean eman zuen Sanchizen erabakiaren berri, baina inork ez du antolakuntza bere gain hartu nahi izan.
Aurreskuaren historia luzea da Hernanin, XIX. mendeko argazkiak eta erreferentziak ere badaude. Eta pena handiarekin hartu du Sanchizek bertan behera geratzea. «Ez dut gogoratzen inoiz horrelakorik. Lau urterekin hasi nintzen Aurreskuan parte hartzen. Gero festen batzordekoek nik ardura hartzeko eskatu zidaten, eta hartu nuen. 54 urte pasa dira, eta urte horietan guztietan bi urtetan bakarrik izan ziren arazoak. Bat, San Joanak bertan behera geratu ziren urtean, eta bestea, arazo politikoengatik ere ezin izan zenean antolatu».
Berak uzterakoan Aurreskua ez zela antolatuko esaten zioten haurren gurasoek, baina hori ez zela horrela gertatuko pentsatzen zuen. «Bateren batek ardura hartuko zuela uste nuen. Arriskua ikusten nuen, baina ezta pentsatu ere horrela izango zenik. Askok diote ez bada egiten dela, herriak ez duelako nahi, baina gauzak ez dira horrela. Herriari gauzak eskaini behar zaizkio».
Hala ere, urtebeteko gauza izatea espero du. «Urtean zehar bilatuko dute, edo bateren bat agertuko da antolakuntzaz arduratuko dena. Urte batetik bestera ezin da gurea eta hain hernaniarra den zerbait desagertu. Berreskuratu behar da. Orain erreabilitazioan nabil eta kalean herritarrek galdetzen didate zer gertatu den».