Hernaniko udaletxean Plenoa egongo da gaur, 19:00etan. Gai zerrendan hamabi puntu daude eta hamaikagarrenean Hernanin Zero Zaborrek aurkeztutako mozioa eztabaidatuko da.
«Hernanin hondakin organikoak, hernaniarron esku!» egotea eskatuko du HZZ-ek mozioan, besteak beste, ondorengoa argudiatuz: «Jakin dugunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Hernaniko Udalari ukatu egin dio bere hondakin organikoak kudeatzeako konpost planta propioa eraikitzeko baimena. Europa osotik etortzen dira gure bilketa sistema ezagutzera, tartean organikoa nola biltzen dugun oso txukun. Bai ekonomia zirkularraren logikak eta bai diru publikoak ondo erabiltzeko logika ekonomikoak diote txukun bildutako organikoa inguruan bertan konpostatzea dela onena, zikinago bildutako organikoarekin nahastu gabe, garraioak murriztuz, hurbileko egitura neurriko eta malguetan. Hondakinak sortzen ditugunon erantzukizuna dira, horregatik eutsi behar dio Hernanik. Erabat logikoa da Hernaniko udalak eraikitzea urtean 2.000 tona organiko konpostatuko lukeen planta. Hori gutxi balitz, Espainiako Gobernuak berak diru-laguntza onartuta dauka Hernaniko proiektu honentzako. Horren aurrean, Hernaniko Udalari eskatzen diogu irmo eutsi diezaiola bere asmoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu bere erabakia alda dezala» adierazten da mozioan.
Gidabaimenen eta zirkulazio baimenen helbide aldaketa udaletxean egiteko proposamena
Plenoko beste gai-zerrendan nabarmentzekoa da Hernaniko Udalaren eta trafiko zuzendaritza nagusiko Gipuzkoako trafiko buruzagitzaren arteko lankidetza sinatzeko proposamena, gidabaimenen eta zirkulazio-baimenen helbide aldaketa Hernaniko udalean egin ahal izateko. Amaieran erregu eta galderak egin daitezke.