Agerraldia egin zuten asteazkenean oposizioko hiru alderdiek, EAJ-PNV, Orain Hernani eta PSE-EEk, salatzeko EH Bilduk izandako jarrera, azkeneko Plenoan: «errespetua galdu zion, talde politiko guztiok elkarbizitzaren arloan egindako lanari», adierazi dute.
Pleno horretan, mozio bat aurkeztu zuen EAJ-PNVk, Orain Hernani eta PSE-EEren babesarekin, oinarri hartuta «ETAren eta bere ingurukoen indarkeriak eragindako sufrimendua, baina kontziente izanda, gainera, motibazio politikoko biktima gehiago daudela, errekonozimendurik jaso ez dutenak. Mozio horrekin, konpentsatu nahi genuen desoreka historiko bat, ahaztuta geratu ziren biktima batzuekin», diote.
Azaldu dute, urte eta erdi baino gehiago zeramakiela mozio horrek mahai gainean, talde politiko guztien ekarpenekin, «EH Bildurenak barne»; baina akordioa atzeratuz joan zela, eta horregatik, talde politiko guztiek adostu zutela beranduenez martxoko Plenoan aurkeztuko zela mozioa, «erabilera elektoralistarik ez egiteko».
«Baina otsaileko Plenoan mozioa aurkeztuta, harrituta ikusi genuen, kontramozioa aurkeztu zuela EH Bilduk. Horregatik, eta EAJren mozioaren kontra bozkatu zuelako, Plenotik alde egin genuen oposizioko hiru taldeok», argitu dute.
«EH Bilduk bere ADNan daramaki enfrentamendua»
Gertatutakoaren harira, Andoni Amonarraizek, EAJren bozeramaileak, adierazi zuen, «beharbada zerbaiten beldur» dela EH Bildu: «eta horregatik ari da gezurretan alkatea, dioenean gure mozioa elektoralista dela, eta ez dela guztion artean landu duguna». Eta nabarmendu du: «EH Bilduk bere ADNan daramaki enfrentamendua, eta bere printzipioa da, edozein bitarteko dela egokia, bere helburuak lortzeko». Horregatik, dio «pikutara bidali» duela, Hernanin urtetan egindako lana, elkarbizitzaren arloan.
Bere aldetik, Jaione Aristregik, Orain Hernaniren bozeramaileak, kritikatu zuen EH Bilduk, «gezurra esateaz gainera», ez dituela errespetatu elkarbizitzaren arloan lortutako akordioak: «alferrik izan da, EH Bildurekin elkarbizitzarako egindako lana. Denbora pasatzen uztea da beraien estrategia, uko eginez hernaniarren zati batek sufritutako mina errekonozitzeari. Noizbait onartu beharko dugu, eragin zuela haustura sozial bat, oraindik gainditu ez duguna, eta EH Bilduren jarrerak ez du laguntzen».
Azkenik, PSE-EEko Ricardo Crespok ere, «gezurretan aritzea» leporatu zion alkateari: «guztion artean adostu zen mozioa aurkezteko data, eta ez zitzaiola erabilera elektoralista emango. Horren lekuko da elkarbizitza lanak daramazkien teknikaria. EH Bilduk akordioa hautsi du, eta egoera honek erakusten du, alderdi bakoitzak daukan posizioa, elkarbizitza gaietan».
Hiru alderdiek adierazi zuten, ez daukatela Gobernu Talde honekin lan egiten jarraitzeko asmorik, «jarrera aldatzen ez duen bitartean. Inbidiaz ikusten dugu, nola Errenterian, Tolosan, Urnietan edota Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk jarrera konstruktiboagoa daukan; eta Etxeratek ere, biktimei barkamena eskatuz, jarrera proaktiboagoa erakutsi du. Hernaniko EH Bilduren jarrerak, ez du ahalbidetzen elkarbizitzaren normalizaziora bidean aurrera egitea».