Koronabirusa

Taberna eta dantzalekuek 01:30etan itxi beharko dute Euskal Erkidegoan

Eusko Jaurlaritzak neurriak zehazten dituen agindua berehala kaleratuko du, eta astebururako indarrean izatea espero du Murga sailburuak.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasu sailburuak iragarri du neurri murriztaileak zehazten dituen dokumentu bat argitaratuko duela Jaurlaritzak asteburu aurretik, eta astebururako neurri horiek martxan izango direla. Dokumentu horretan jasoko diren neurri batzuk, baina, agerraldian aurreratu zituen: taberna guztiek 01:30etan itxi beharko dute, eta ezingo dira ireki goizeko seiak baino lehen. Diskotekei eta dantzalekuei dagokienez, edukieraren %60 bete ahal izango dute soilik, eta ezingo da dantzalekua erabili, mahaietan egoteko ez bada.

Gauerditik aurrera ezingo da kontsumitu zutik
Era berean, gauerditik aurrera ezingo da kontsumitu mahaietan eserita ez bada, barruan zein terrazetan. Ehun pertsonatik gorako edukiera duten jatetxe eta tabernetan, edukierak ezingo du %80 gainditu eta mahaietan ezingo dira hamar pertsona baino gehaigo eseri.

Beilatokietan eta hiletetan edukieraren %60 edo 60 pertsona gehieneko
Aisialdiari eragiteaz gain, pilaketak sortu daitezkeen beste eremuetan ere aplikatuko dira neurriok: besteak beste, beilatokietan eta hiletetetan. Beilatokietan, edukiera gehienez ere 60 pertsonakoa izango da, eta ezingo du edukieraren %60 gainditu, eta hiletetan ere 60 pertsona bildu ahalko dira gehienez ere. Bestalde, gazte lokalak erabiltzea debekaturik egongo da.  

Bihotzeko eta arnas arazoak dituztenak ere maskarilla
Bestetik, Murgak adierazi zuen bihotzeko edota arnas arazoak dituztenek ere maskarilla erabili beharko dutela.