KULTURA sustatzeko asmo horretan, aurrerapauso bat eman du aurten Kutxa Fundazioak, Kutxa Kultur plataformaren bitartez.
Kutxa Kultur Gauak da ekimen hori, eta horri esker, ekainaren erdialdean hasi eta irailaren erdialdera bitarte kulturaz zipriztindu du Donostiako Tabakalerako terraza, eta horretan jarraituko du datozen asteetan ere.
Izan ere, Kutxa Kultur Gauaken egitarauan, oraindik zortzi kultur-ekintza gozatzeko aukera izango dute gipuzkoarrek, baita inguru hauetan bisitan dabiltzanek ere.
Orain arte bezala, falta diren zortzi kultur-jarduerak ostiral eta larunbatetan izango dira, iluntzeko 20:00etan hasita, Tabakalerako laugarren pisuan. Euria egiten duenean, ordea, Kutxa Kultur Plazan egiten dituzte.
Jarduera edozein dela ere, sarrera debalde eta librea da, terrazaren aforoa bete arte.
Makina bat disziplina, aukeran
Ekainaren 15ean Kutxa Kultur Gauak ekimena martxan jarri zutenetik, hamaika kultur-disziplinekin gozatzeko aukera izan dute Tabakalerako terrazara agertu direnek: «kontzertuak, dantza, antzerkia, topaketak, disko festa, dantza garaikidea, tailerrak, instagramer eta youtuberren hitzaldiak... kalitatezko eskaintza eta oso betea», Kutxa Fundazioaren hitzetan.
Azkeneko jarduerak ere, publiko guztiarentzat
Espageti taldeak eman zion hasiera Kutxa Kultur Gauaken egitarauari ekainaren 15ean, eta nerabeentzako ekintza batek emango dio bukaera, irailaren 14an, Izanezberdin Kutxa Fundazioaren ekimenaren bitartez.
Ordura arte, beste zortzi kultur-jarduera izango dira. Kontuan izan behar da ostiral eta larunbat honetan ez dagoela ekintzarik, Aste Nagusia dela-eta. Hortaz, datorren astetik aurrera izango da azkeneko traka.
Anarkia relacional antzerkiak emango dio hasiera azkeneko asteei, hurrengo asteko ostiralean, abuztuaren 23an. Mila Espiga eta Belén Cruzek Puro Bollo jaialdira eramango dute publikoa, beste garaiko bi emakumeen ikuspuntutik.
Hurrengo egunean, abuztuaren 24an, Ras Miguel & Tafari Irungo taldeak kontzertua eskainiko du; erro reggae estiloa jorratzen dute.
Baina beste ekintza mota batzuk ere izango dira irailaren 14ra bitarte: euskerazko antzerki bat, youtuber baten hitzaldia gaztetxoentzat, baita dantza eta musika jorratzen dituen jarduera berezi bat ere.
Aldi berean, kulturaz eta Donostiako panoramika ederraz gozatzeko aukera ematen du Kutxa Kultur Gauak.
KUTXA KULTUR GAUA
Egitaraua
Abuztuak 23, Antzerkia: Anarkia relacional (gaztelaniaz).
Abuztuak 24, Musika: Ras Miguel & Tafari.
Abuztuak 30, Dantza: Dantz Festival.
Abuztuak 31, Youtuberra: Andrea Compton (#IZANEZBERDIN).
Irailak 6, Musika: Umorea(euskeraz).
Irailak 7, Antzerkia: Ghau.
Irailak 13, Dantza eta musika zuzenean: LABO GO 17. MugMus Laborategia- ESKU HARRIAK: Oteizaren (h)aria.
Irailak 14, Musika: Tailerra eta DJ saioa (#IZANEZBERDIN).