Prentsaurrekoan bat egin zuten asteazkenean Askekintza Donostialdeak, Donostia Antitaurina Orain eta Eguzki Erakunde Ekologistak, hilaren 14rako manifestaziorako deia egiteko. Bulebarretik 18:00etan aterata, «zezenketarik ez, ez hemen, ez inon» aldarrikatuko da.
Askekintzak, gainera, manifestazioaren barruan bloke antiespezista bat osatzeko deia egin du, «animaliek sufritzen duten zapalkuntza ez delako bakarrik zezenketetara mugatzen, eta ondorioz, animalien askapena aldarrikatzeko beharra dagoelako».
Salatu zuten, gainera, Donostiako alkateak «bere hitza ez bete» izana; «Goiak eta bere gobernuak eskatutako 2017ko hiritarren pertzepzio inkestak argiro erakutsi zuen donostiarron %71 Udalak bere instalazioak zezenketak egiteko erabiltzearen kontra dagoela». Gaineratu zuten, era berean, «zezenketak ekimen pribatua direla faltsua» dela, «Udalaren laguntzarik gabe Donostian aspaldi desagertu ziren».