Gaur jokatuko du Endika Barrenetxea hernaniarrak, erremonteko San Fermin Torneoaren finala. Huarteko Euskal Jai Berri frontoian izango da; arratsaldeko 16:30etan hasiko den jaialdian, bigarren partidua.
Ansa II urnietarrarekin ariko da Barrenetxea, eta aurrean izango dituzte iazko txapeldunak: Ezkurra II eta Endika. Haiek, 40-26 irabazi zieten asteartean, Urriza eta Etxeberria IIri.
Bi aurrelariak, sasoiko
Partidu ederra espero da, gaurko finalean. Erremontista onenetako bi ariko dira atzean, eta sasoi ederrean dauden beste bi, aurrean. Izan ere, Ansa IIk kolpe bikain bezain ezberdina erakutsi zuen aurreneko semifinalean, eta geldiezina izan zen. 25 tanto egin zituen. Horrekin eta Barrenetxeak atzean erakutsi zuen nagusitasunarekin, 40-30 menderatu zituzten Uterga eta Ion.
Halaxe aritu ziren Ezkurra II eta Endika ere: atzelaria nagusi jokoan, eta aurrelaria tanto sorta ederra pilatzen; guztira, 19 egin zituen berak.