Gerturatzen ari da Martxoaren 8a, eta 24 orduko Greba Feminista deialdia luzatu ondoren, egun horretarako egitaraua eman du aditzera orain, Hernaniko Koordinadora Feministak.
Horrela, proposatu dute eguna hastea elkarrekin gosalduz, Iturola Elkarlan Sorgunean. Eta materiala prestatu ondoren, kontzentrazioa egingo dute zerbitzu sozialetan, zaintzaileak eta pentsiodunak erdigunean jartzeko. Haiei egingo dieten errekonozimenduari, arratsaldean batuko zaie etxeko langileei egingo dietena, ekitaldi batekin.
Aurretik, bazkaldu ere elkarrekin egingo dute, Atsegindegin, taperrak eramanda. Eta manifestazioa eginez bukatuko dute eguna, 19:00etan Plaza Berritik abiatuta.
Aurreko bi egunetan, informazio banaketa
Esan bezala, egun osokoa izango da greba deialdia: «emakumeok lan guztiak utzi eta kaleak hartuko ditugu», aldarrikatu dute. Greba Feministari buruzko informazio guztia, interneten jarri dute, denen eskura: grebafeminista.wordpress.com.
Eta kalean ere emango dute informazioa. Herenegun, herri bira egin zuten, herriko auzoetan Martxoaren 8ari buruzko informazioa zabaltzeko; eta martxoaren 6an eta 7an, komertzioetan egingo dute informazio banaketa.
Hezkuntza Plataformak bat, greba deialdiarekin
Hernaniko Hezkuntza Plataformak ere, adierazi du bat egin duela greba deialdiarekin. Eta atxikimendua adierazteko, herriko ikastetxe ezberdinetan atera ditu argazkiak, ikasle, irakasle eta langileekin. Institutuan ateratakoa da, albistearen eskuinean dagoena; eta gainerakoak, interneten daude ikusgai, albiste honekin batera.
Zaintza sarea, Herriguneak
Azkenik, emakumeek* greba egin ahal izan dezaten, gizonen zaintza sarea sortzen ari dira, Urumea Herrigunean. Helburua da, emakumeek* egun horretan izan ditzaketen beharrak bildu, eta gizonen artean banatzea.
Behar eta ardura guztiak ondo egokitzeko, topaketa egingo dute martxoaren 5ean, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara, behar-emaileek eta ardura-hartzaileek, Herrigunean.
MARTXOAK 8ko egitaraua
09:00, Gosaria Iturolan.
10:00, Material prestaketa, Atsegindegin.
12:00, Kontzentrazioa Zerbitzu Sozialetan: zaintzaileak eta pentsiodunak erdigunean.
14:00, Bazkari autogestionatua Atsegindegin: Ekarri zure taperra!
17:00, Etxeko langileei aitortza ekitaldia.
17:30, Ezin badugu dantzatu, hau ez da gure iraultza!
19:00, Manifestazioa, Plaza Berritik.