«Lan gaixotasunak errekonozitu eta azaleratzen ez badira, zertarako egin prebentzioa?»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 23a, 01:00

Lan Osasun eta Ingurumeneko idazkaria izan da urte askotan Jesus Uzkudun Illarramendi (1949, Donostiako Igara baserria), CCOO Euskadiko sindikatuan. Erretiroa hartu ondoren ere, lanean segitu du lan gaixotasunak salatzen, bereziki, Euskal Herriko amiantoaren biktimen ASVIAMIE elkartean. Izan ere, lan istripuei bai, baina lan gaixotasunei ez zaiela kasurik egiten dio.

Azken bi aste hauetan, hain zuzen, Euskal Herriko Auzitegi Gorenak bi epai eman ditu, Gureola Scott eta Orbegozo en­presetan lan egindako bi langileren biriketako minbizia lan gai­xotasunak direla onartuz. Dena den, amiantoak eragindako minbiziez gain, lan gaixotasun gehiago badaudela azpimarratzen du Uzkudunek, eta prebentzio neurriak hartu ezean, etorkizunean gehiago azalduko direla. 

1998an irabazi zenuten aurreneko kasua, minbizia kasu bat lan gaixotasun gisa onartzen zuen. Gogoratzen duzu? 
Sindikatu bezala ari ginen orduan. Aurreneko kasua izan zen. Legazpiko fundizio batean, Fundiciones Bereciartu enpresan jardundako langile bat. Urtebete bajan egon ondoren, kristoren minarekin, lanera bidali zu­ten, baina ezin zuen egin. Eta berriro begira hasi eta ikusi zio­ten pleurako minbizia. Talka haundia eragin zidan. Enpresa horretako sindikatuko sortzaileetako bat zen, eta su­fri­mendu hura ikustea... Le­hen­dik beste kasu bat eramana neukan baina ukatu egin ziguten; garaje modernoetako me­kaniko batena zen, Gas­tei­zen. Azken senten­tziak esaten zuen garaje mo­der­noetan egun ez dagoela ami­antorik, kontuan hartu gabe minbizia sor­tzen dela 30-40 urte ondoren, ez dela lan istripuak bezala, berehalakoa.

«Amiantoak bentaja batzuk ditu lan gaixotasunak azaleratzeko, amiantoak sortzen baitu minbizia bat, ez tabakoak eta ez beste ezerk sortzen ez duena: pleurako minbizia, meseoteloma»

2013an aipatu zenuen 6.000 langile inguru izan zitezkeela amiantoak eragindako minbizia zutenak, eta 10 aldiz haundiagoa behar lukeela zifrak. Handitu da?

Bai. Abenduan 9.802 zeuden, Ur­tetik urtera, 1.000 pertsona ge­hiago, eta oraindik asko da­go egiteko. Horrek garrantzia haundia dauka. Batetik, hori baita froga, amiantoarekin jardun zuela. Ez badaukazu frogarik, ez dizute lan gaixotasuna errekonozitzen. Hor bur­la egin di­gu­te, baina pixkana-pixkana  ari da. Dena dela, esango nuke askotan amiantoak bentaja batzuk dituela lan gaixotasunak azaleratzeko, amiantoak sortzen baitu minbizia bat, ez tabakoak eta ez beste ezerk sortzen ez duena: pleurako minbizia, meseoteloma. Ami­an­toak bakarrik sortzen du. Beste herrialde batzuetan me­seo­teloma ateratzen denean deklaratu egin behar da; Frantzian, Erresuma Batuan... Hemen ez. Hemen minbizia estatistikak ikusi eta ageri dira: prostatakoa, biriketakoa, gibelekoa, bularrekoa... Baina hori ez. Ez dago interesik. 

Amiantoaz gain badaude gaixotasuna sortzen duten beste osagai batzuk?
Europako Batzordeak esaten du lanbidearen eraginez hildakoen %54 minbiziagatik hiltzen direla. Horrek esan nahi du lan istripuetan hiltzen direnak baino 10 aldiz gehiago direla. Hemen kultura handia dago istripuan hil­dako langileei ga­rrantzia emateko eta besteak baztertzeko. Gaur egun onartua dago silize hondarra kan­tze­rigenoa dela, eta egur hau­tsa, soldeatzeko keak... Hori­e­kin gaixotutakoak pila bat di­ra. Askotan esaten dut ez dela kasualitatea, Espainian herio­tza arrazoi nagusiak kardiobaskularrak izatea, eta Euskal Herrian, Euskadin eta Na­fa­rroan behintzat, minbizia, eta, bereziki, biriketakoa. Ceutan baino gehiago erretzen dugu ala? Ez. Hemen jardun dugu industrian, horrelako zikinkeriak asnartu ditugu eta horren ondorenak hor daude. Horiek ez badira errekonozitu eta azaleratzen, zertarako egin prebentzioa? Kalteak ezkutuan geratzen badira, inork ez du ezer egiten. Hor dago erronka. Orain hiru mende baino gehiago medikuek unibertsitatean ikas­ten dute Bernardino Ra­ma­zzi­niren liburua. Hark za­baltzen duen aurreneko mezua da galdetzeko gaixoari zein ogibide duen, seguru asko hortik datorkiolako gaixotasuna. 

2005ean Europako Batzordearen saria jaso zenuen, lanean sortutako gorreria zuten 6.000 pertsona baino gehiagoren kasuak medio. Minbiziaz gain 
bestelako lan gaixotasunak ere badira?

Milaka gorreria kasu daude. Askok ez du erreklamatzen; orduan, ez diote errekonozi­tzen eta ez du indemnizazioa kobratzen. 1.800etik 3.000 eu­ro­ra arteko indemnizazioak dau­de entzumena galtzeagatik. Asko ez dira konturatu ere egin entzumena galdu dutela, baina galdu dute frekuentziaren bat. Ni sutan jartzen nau nere adineko jende asko, in­dus­trian lanean ibili ondoren, au­difonoak erosten ibil­tzea; 4.000 eurotik gora. Erre­ko­no­zi­tu beharra dago. Maila berean aipatzekoa da lehengo asteko kasu bat: Donostiako erresidentzia bateko langile bat, emakume bat, 8 hilabetez bajan egon da besoa izorratuta, eta lanera bueltatzean Osa­ki­detzak eta prebentzio medikuak esan dute ezin duela lanpostu berdinera bueltatu eta beste lan bat bilatu behar zaiola, eta zer eta, automatikoki, kalera! Gauza horiek dira oso larriak. Errotatzaileen zorroaren sindromea dauka, tendinitis del manguito rotatorio, eta lan gaixotasuna da. Baina medikuek ez dute parte eman, eta behartuta daude hala egitera, lan gaixotasuna dela susmoa dutenean. Ez badago sindikatu bat horretan, ezkutuan gelditzen da. Prebentzio kultura hori, eta sortutako minaren errekonozimendua, langileek ez badute mugitzen inork ez du mugituko. Gaur egun, emakumeen lanek istripu gutxi izaten dute baina gaixotasunak, pila bat, esku-lana asko egiten baitute. 


«Audiometria bat ikustean, adibidez, medikuak ikusi dezake gaixoak ondo entzuten duela, baina galdu dituela frekuentzia agudoak; parte eman behar luke. Garrantzia ez ematea delitua da»


Zein lirateke emakumezko langileen gaixotasunak?
Hor daude karpoko kanalaren sindromea, eskumuturretako minak, tendinitisak, epikondilitisa... eta alergiak produktu kimikoei eta abar. Zerrenda oso luzea dago, baina normalean, Mutuara joan eta Mutuak zer egiten du? Haiek ordaindu behar dutenez eta aseguru-etxe bat bezala direnez, Osa­kide­­tzara bidaltzen zaituzte.

Osakidetzak ez du ezer egiten, eta hori da ikaragarrizko iruzurra. Gainera, Osakidetzak dauka bere aurrekontuetan ikaragarrizko zuloa berak or­dain­tzen dituelako gastu ba­tzuk, tokatzen ez zaizkionak. Izan ere, denok kotizatzen du­gu, Osakidetza ateratzen da zer­getatik. Baina guk kotiza­tzen dugu lan istripu eta lan gaixotasunengatik, eta diru ko­puru hori ez bada gastatzen, bes­teak ordaintzen du. Zer­gatik ez dute Darpon eta konpainiak ezer egiten horrekin? Maila bateko interesa dutelako. Denak etorri dira osasun pribatutik osasun publikoa kudeatzera, eta, maila batean, interesa dute gauzak pribatizatzeko bidean lan egiteko.

Prebentzioaren garrantzia azpimarratzen duzu, baina, Amiantoaren arriskuaren berri ez al zen jakina?
Ni jaio aurretik errekonozituta zegoen asbestosia, 47an. Hori da amiantoa arnastea. Baina lehenagotik,  gerra bukatu eta segituan, onartua zegoen en­pre­sek zer egin behar zuten hautsa ze­go­en lekuetan. Azken finean, guri kotxearekin gertatzen zaigun bezala da; multak jartzen dizkigutenean ikasten dugu. Enpresek berdin. Baina merke ateratzen bazaie legea ez bete­tzea, horrela ja­rrai­tuko dute. Eta, administrazioaren ardura non dago? Ba­ze­kien. Orduan ez ze­goen Osa­lan, baina bai Hi­gie­ne eta Se­gur­­tasun Gabine­tea. Go­gora­tzen dut 84 inguruan Or­be­­go­zon lan egiten nuenekoa; fun­dizioko kutxarak be­rritzera sar­­tzen zirenak ateratzen zi­ren belztuta, eta kexa jartzean esan ziguten hauts inertea, bizigabea zela. Gaur egun ikusten ari gara hura zela amiantoa, silizea, metal pisutusak... Pozoi hutsa. Eta orain ari dira ateratzen minbiziak. Ba­zeki­ten. Baina orduan zegoen galeren kontrolaren kultura; Mu­tu­ak idatzitako liburuxka batean esaten zen ez zela hu­ma­nismo kontua, baizik eta is­tripua gertatzen denean, enpresak galera handiagoak dituela irudiagatik, edo istripuaren era­­ginez produkzioa ge­ra­tze­a­gatik. Pertsonena ez zitzaien ba­tere inporta. Lan gaixotasunena hor zegoen, baina... Ez da ikusten! Orain, mahai gainean jartzen badira, beste kontu bat da. 

Prebentzio neurri horiek hobetu dira gaur egun?
Atzerapausoa ari gara ematen. Krisia etorri ondoren, non au­rreztu dute enpresek? Baldin ba­dute, prebentzio zerbitzuetan. Paperak justifikatu, beteta eduki inspekzioa etortzen bada ere, eta kitto. Baina paperekin ez da betetzen prebentzioa. Behar dira inbertsioak, neurriak, istripuak ez gertatzeko edo lan gaixotasunak ez sor­tzeko. Maila horretan, eta osasun zaintza beharrezkoa den enpresetan atzera egin dugu. Enpresa okerrena gainera, ad­ministrazio publikoa da. Atze­ra asko egin da. Gehiago esango dut; uste dut erantzun sindikalean ere atzera jo dela. Mai­la bateko erreibindikazi­o­ak beharrezkoak dira, soldata murrizketa handiak izan dira. Baina horretara muga­tzen da. Atze­ra­pauso handiak ematen ari dira. Eta ez da kasualitatea orduan lan istripuak gora egitea. 

Gaixotasuna garaiz harrapatzeko ere garrantzitsua da prebentzioa?
Langile guztiek behar dute osasun zaintza orokorra. Audio­me­tria bat ikustean, adibidez, medikuak ikusi dezake gaixoak ondo entzuten duela baina galdu dituela frekuentzia agudoak; parte eman behar luke. Berdin, bestelako gaixotasunekin eta minekin. Jende pila bat dago horrela, eta medikuek ez badiete garrantziarik ematen, nire ustez da delitua. Amian­toa­ren kasuan, bada bentaja bat: amiantoarekin lan egin du­tenak behartzen ditu, nahiz eta lana utzi, bizi osoan osasun zaintza berezia egitera. Askok ez dute hor sartu nahi. Batzuk diote gutxi ibili zirela amiantoarekin; gutxi nahikoa da ba! Beste batzuk nahiago dute jakin gabe bizi. Baina gaixotasuna sortzean, gaixo dagoenak eta familiak denbora eta indar gutxi izaten dute paper kontuekin hasteko, demostra­tzen orain 40 urte non egin zuen lan eta abar. Sendabide bila etortzen dira, eta ez dago. Orain astebeteko Ur Handitan saioan atera ondoren, ETB1en, lau pertsonak deitu didate. Gaixo daudela. Askotan irudi­-tzen zait oso garrantzitsua dela hautsak arrotzea. 

Hautsak arrotu ditu, baita ere, Hernaniko Udalak eskatuta egin den herriko aire kalitatea neurtzeko txostenak. Usaina gehiegizkoa da, baina ez 
osasunarentzat kaltegarria.

Batzuetan haserretu egiten naiz... Legearen barruan dago, bai... Baina, legea zer da? Ami­an­toa edo benzenoarekin, adibidez, orain 40 urte legeak agintzen zuen neurria zela hainbesteko fibra, metro kubikoan. Horrek ez zuen gaixotasuna gelditu, eta egin zuten neurria txikitu, eta azkenerako, egin zuten debekatu. Eta ez hemengo borrokagatik, baizik eta munduan zehar zegoen mugimenduari esker. Txoste­nak garbi onartzen du Eu­ro­pan, beste herrialde batzuetan, beste legedi bat dagoela. He­men, zergatik ez? Udaletxeak onartzen du enpresek kontrola sumatzen dutenean kutsadura gutxitu egiten duela. Gizartea mugitzen hasten bada, seguru gutxituko dela. Baina usainarena ez da arazo larriena. Askotan esaten da Hernanin minbizia asko dagoela, eta bai, noski kotxeen gasoilaren kea kaltegarria dela, eta autobiarekin kutsadura haundia da. Baina bizitzaren hiru laurden baino gehaigo lanean pasatzen dugula. Azken finean, langileak gara laborategiko arratoiak. Demostratzen denean guri zerbaitek kalte egiten digula, ingurugiroan ere kalte egingo duela ulertzen da. 

Zergatik diozu usainarena ez dela larriena?
Amiantora itzuliz, urrian egin genuen nazioarteko kongresua, talde guztiak elkartuta Bartze­-lo­nan, eta abisua zabaldu ge­nuen: hirugarren olatua dator ami­an­toak sortutako minbiziarena. Lehen zen lanean sortutakoa eta orain, ingurugiroan. Europan, Kontseilu Sozioeko­no­­mikoak proposatu du 2030e­ra­ko amiantoa erradikatzea. Po­lo­niak bakarrik jarri du aurrekontua. Zergatik erradikatu nahi da? Uralitak eta amiantoa daukan material guztiak daukalako bizitza bat, zientifikoki frogatuta: 35 urte. Hortik aurrera desegiten ari da, hautsa as­katuz. Laneko minbiziak onartzen ez diren bitartean, hildakoak errekonozitu, mahai gainean jarri eta kalte ordainak eskatzen ez diren artean, ez dira hasten neurri prebentiboak. Gizartean eskaera ez dagoen bitartean, jai! Beraz, gizarteak moldatu dezake legea. Udale­txe­an galdetu nuen ikerketa zergatik egiten zen produktu bakoitzarena, bakarka. Izan ere, frogatua dago amiantoa as­nar­tzeaz gain tabakoa erretzen baduzu, minbizia garatzeko arriskua haundiagoa dela.  Ho­rre­gatik, neurketa hauetan ezin duzu bakoitzaren arriskua ba­lo­ratu besteen arriskuak kontu­an hartu gabe. Ikerketak horrela planteatzea ez zait gustatzen.  Gezurra da askotan jendeak pen­tsaten duena: kontrol han­di­a­goa egoteak ez du enpresa arriskuan jartzen. Prebentzioa baldin badago maila guztietan, jen­deak gustorago egiten du lan, eta gehiago produzitu. Ba­tzuk uste dute prebentzio gastuek enpresa itxiko duela. En­pre­sak ez dira horregatik ixten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!