Nobedade garrantzitsuekin hasi du urtea Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA). Batetik, Renfe ere batuko da Mugi txartelaren erabilerara. Eta bestetik, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko garraiobide guztietan erabili ahal izango dira bai Mugi, eta baita Bat eta Barik txartelak ere.
Apirilaren 1etik aurrera, Renfen ere bai
Aurreko ostiralean egin zuen Mugi txartelaren 2018ko balantzea Marisol Garmendiak, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) lehendakariak. Eta bertan eman zuen berria: apirilaren 1etik aurrera, Renfen ere erabili ahal izango da Mugi txartela.
Horri esker, gainontzeko garraio publikoek dauzkaten tarifa eta beherapen berberak izango dituzte Renfeko aldiriko trenek. Eta hori lortu duen EAEko aurreneko lurraldea izango da Gipuzkoa, Garmendiak nabarmendu zuenez.
Deskontuak, %46tik gorakoak
Gainontzeko garraio publikoetan bezalaxe, hots, LurraldeBus autobusetan edo EuskoTreneko aldiriko trenetan, deskontuen bidezko sistema aplikatuko dute Renfen ere.
Horren arabera, Mugi txartelarekin %46eko deskontua izango du hilean 20 bidaia egiten dituenak; %57ko deskontua, 21 baino gehiago eta 50 baino gutxiago egiten dituenak; eta azkenik, %90eko deskontua izango du 51 bidaietako gora egiten dituenak.
Bat eta Barik txartelak ere, LurraldeBus zerbitzuetan
Hau ez da, ordea, 2019ko aldaketa bakarra izango, izan ere, urtarrilaren 14an eman zuen Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) beste nobedade baten berri: Mugi, Bat eta Barik txartelak Euskadiko garraiobide guztietan erabili ahal izango dira. Dagoeneko egiten denaz gain, Bizkaiak Bilboko Metroaren 1. eta 2. linean Mugi txartela erabiltzeko aukera emango du, eta Gipuzkoak Bat eta Barik txartelak Lurraldebuseko unitate guztietan erabiltzekoa.
Aurreikusitakoaren arabera, udaberrirako egongo da prest. Horrekin, «erabateko interoperabilitatea bermatuko da», eta azaldu dutenez, hurrengo jomugan jarriko dira buru-belarri: txartel bakarra lortzea, fisikoa edo birtuala.