Gaur iritsiko da ikazkin zaharra Kottonio astoa opariz karga-karga eginda duela. Arratsaldeko 18:00ak aldera iritsiko da Plazara, Ttarla dantza taldeko kideen laguntzarekin. Kaleetan barrena ibiliko da karameluak banatuz eta ondoren, banaka-banaka hartuko ditu umeak udaletxean. Muxu goxoen truke, oparia jasoko dute gerturatzen diren guztiek.
Aurretik, Olentzeroa baserriz baserri eramango dute Bertso Eskolako kideek. 15:30etan abiatuko dira Biteritik eta Zikuñaga eta Osiñaga auzoetako baserri eta sagardotegiak bisitatuko dituzte. Soinujoleen laguntza ere izango dute.
Gabon kantak
Gabon kantak hainbat txokotan entzuteko aukera izango da arratsaldean zehar. 16:30etan hasita, Goiz Eguzki abesbatzako kideak ibiliko dira kalez kale. Parrokiko abesbatzak, berriz, Agustindarren elizan eskainiko du emanaldia 17:00etatik aurrera. 18:00etan, Kantuz abesbatzaren txanda izango da. Gabon gaueko kale buelta egingo dute Milagrosatik abiatuta. Eta bukatzeko, erronda Plazatik, Musika Bandaren eskutik, 20:00etan.
Bihar, berriz, Eguberri eguneko alborada izango da kalez kale, Musika Eskolako txistularien eskutik. Eta Goiz Eguzkin bailea antolatu dute 17:30etatik aurrera.
Zapi naranja soinean
Libre dinamikarekin bat eginez, zapi naranja janzteko dei egin dute. Salgai izango dira Garin, Goiz Argi eta Tripontzin.
Ekitaldiak
GAUR
15:30, Olentzero baserriz baserri: Biteritik autobusa.
16:30, Goiz Eguzki abesbatza, kalez kale.
17:00, Parrokiko abesbatza, Agustinetan.
18:00, Olentzero kaleetan barrena gudarien plazatik abiatuta.
18:30, Kantuz abesbatza, Milagrosatik abiatuta.
20:00, Gabonetako erronda Musika Bandarekin, Plazatik abiatuta.
Bihar, Eguberri eguneko alborada, Musika Eskolako txistulariekin.
Bihar, bailea, Goiz Eguzkin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!