Gipuzkoako Kopa jokoan bihar, Joxe Mari Etxebestek eta Ibon Minerrek

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Aurreneko postuan dago Joxe Mari Etxebeste astigartarra, Gipuzkoako Kopan.

Aurreneko bi postuetan daude bailarako bi bolariak, biharko azkeneko tiraldiaren faltan.

Ez zuen nahi bezain ondo hasi Gipuzkoako Kopa, Joxe Mari Etxebeste astigartarrak. Baina berak irabazi ditu azkeneko bi tiraldiak, eta faborito nagusia da bihar Kopa eskuratzeko, gizonezkoetan, Idiazabalen jokatuko den azkeneko tiraldian. 137 brilarekin, aurreneko postuan dago Etxebeste, lau brilaren aldearekin. Ibon Miner ereñotzuarra dago bigarren, 133 brilarekin; eta Jokin Izagirre hirugarren, 131rekin.

Aurreko igandean, Usurbilgo tiraldian nagusitu zen astigartarra, 48 brila botata, Roberto Ostolazak eta Enrique Lopetegik bezalaxe. Aner Miner ereñotzuarra seigarren sailkatu zen, 46 brilarekin; eta Ibon Minerrek eta Mikel Arroiok 45 bota zituzten. Arroio bosgarren dago Kopako sailkapenean, 127 brilarekin.

Emakumezkoen artean, laugarren dago Rosa Santos astigartarra. Oso erronka zaila dauka aurreneko postura igotzeko, baina badauka aukera bihar Idiazabalen. 92 brila bota ditu Santosek, eta Aitziber Makatzaga (98), Nekane Etxeberria (97) eta Arantxa Albeniz (95) dauzka aurretik. Martxeli Kanflanka ereñotzuarra bederatzigarrena da sailkapenean, 56 brilarekin. Usurbilen hirugarren izan zen Santos, 35 brila botata.

 

Tiraldi erabakigarria, Idiazabalen bihar

Biharko tiraldiak erabakiko du Gipuzkoako Kopa. Ohi bezala, goiz eta arratsalde ariko dira bolariak Idiazabalen, 09:00etatik 11:00etara, eta 16:30etatik 17:30etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!