Norberaren zaintza, erdigunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Bakoitzaren denbora eta erritmoa errespetatzea da zaintzaren gakoa.

'Zer da zuretzat zaintza?' galdetu diegu zenbait herritarrei kalean topatuta, eta beren usteak elkarbanatu dituzte. 

Norbere burua zaintzeak sekulako garrantzia hartu du azken urteotan. Gizarte sistemaren erritmora doa gizakion bizitza, eta askotan ez dugu tarterik topatzen, gelditu, arnasa hartu eta benetan zer nahi dugun pentsatzeko. Askotan, gizakion akatsa da pentsatzea gure burua zaintzea detox batiduak edatea dela, edo janaria plantxan edo lurrunetan eginda jatea. Hori guztia zaintzaren baitan kokatu daiteke, baina, nork bere burua zaintzearen ekintza harago doa. 

Norbere burua zaintzea ez da egiteko dauzkagun zeregin guzti horien artean denbora ateratzea; zaintzea da denbora hori gure lehentasun bihurtzea. Eta aditu askoren arabera ez da hobeto sentiaraziko gaituen zerbait egitea, baizik eta barneko eta kanpoko presioak emozionalki lurra jotzera eraman gaitzaten saihestea da. 

Beraz, nahiz eta zaintzarako erramintak eduki inguruan (fisioterapia, masajista, kirol zentroak, estetika zentroak...), norberaren buruaren zaintza bizitza osorako konpromisoarekin hasten dela diote adituek. Konpromiso horrek ez du esan nahi astean ordu jakin batzuetan jarduera fisikoa egitera behartu behar garenik, edota dieta osasungarri bat jarraitu behar dugunik. Adituen arabera, «zaintzaren gakoa da gure denborak eta erritmoak errespetatzea, bakoitzaren nahien arabera». Hori guztia kontrastatzeko, herritarrengana gerturatu gara, zaintzari buruz duten ikuspuntuei eta bizipenei buruz galdetzera:

 

Zer da zuretzat zaintza?

«Zure buruarekin ondo sentitzea»

«Bizitzeko daukagun funtsezko erraminta da gorputza, beraz, hau entzun eta maitatzea zaintza dela esango nuke»

«Zaintza niretzat da babesa»

 «Ez dugu baloratzen unean uneko ongizatea. Gaizki gauden unetan konturatzen gara zein ondo geunden ondo geundenean»

 «Niretzako osasunarekin lotura haundia du»

«Askotan gorputzak eskatzen duena kontsumitzea, beharrak asetuz eta gure burua mimatuz» 

«Zaintzak osasunarekin du lotura; ondo elikatzean, kirola egitean... eta oso garrantzitsua da alderdi psikologikoa ere zaintzea, norberaren denborari garrantzia emanez».

 

Zer egiten duzu zure burua zaintzeko? 

«Nik paseatu. Horrek lasaitasuna ematen dit eta zaindua sentitzen naiz»

«Psikologora joaten naiz eta bertan lantzen ditut landu beharrekoak. Iruditzen zait nire burua zaintzen dudala modu honetara»

«Niri meditatzeak asko laguntzen dit»

«Kirola da beharrezkoa nire burua zaintzeko, psikologikoki eragin haundia du honek eta lasaitu egiten naiz»

«Naturara ihes egiteko tartetxoak hartzen ditut nire burua zaintzeko»

«Iruditzen zait ile-apaindegira edo estetika zentro batera joatea ere badela zaintza, ilea moztera, azazkalak margotzera...»

«Munduaz deskonektatzen saiatzen naiz nire zaintzarekin konektatzeko» 

«Musika entzutzea terapeutikoa da niretzat, eta zaindua sentitzen naiz gainera»

 

Zure burua zainduz gero, zertan nabaritzen duzu aldaketa?

«Autoestimuan eragina du, nire buruarekiko segurtasun gehiagorekin sentitzen naiz»

 «Jarrera positiboagoa izaten dut. Indar gehiagorekin egiten diet aurre bizitzako gertaerei»

  «Konfidantza gehiago pizten dit nire buruarengan: pentsatzen dut: hemen nago ni!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!