Partidu erabakigarria Mundarrok gaur, etxean: irabazita, Euskal Ligara igotzeko final fourrean ariko da

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Ignacio Mazo izan da Mundarroren saskiratzaile nagusia, igoera fasean.

Atletico San Sebastianen kontra jokatuko du, arratsaldeko 18:00etan kiroldegian, igoera faseko ligaxkaren azkeneko partidua. Garaipena behar dute astigartarrek, lau onenen artean sailkatu eta igoeraren azkeneko fasea jokatzeko.

Bizi-bizirik iritsi da Mundarro, mutilen Euskal Ligara igotzeko ligaxkaren azkeneko jardunaldira. Moreek etxean jokatuko dute gaur, Atletico San Sebastianen kontra; eta irabaziz gero, igoerako final fourra jokatuko dute. Astigarragako kiroldegian izango da partidu erabakigarria, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Une honetan, hirugarren postuan dago Mundarro, zazpi garaipenekin, Donosti Dolphins laugarrenak eta Lezo bosgarrenak bezalaxe. Bat gutxiagorekin dago Take, seigarren. Atletico San Sebastian bigarrena da, zortzi garaipenekin; eta Saski Axular liderra, bederatzirekin. 

Gaurkoa irabazita, lau onenen artean izango dira astigartarrak ziur, eta igoerako final fourra jokatuko dute. Baina galduz gero ere, badauzkate bi aukera, igoerako azken fasea jokatzeko: Lezok Santo Tomas Lizeoaren kontra galtzea; edota Donosti Dolphinsek Saski Axularren kontra galdu eta Takek Loyola 21 Hoopsi irabaztea.

Edonola ere, garaipena da aurreneko aukera, eta horren bila kantxaratuko dira, zaleen laguntzarekin.

Hernanik ere, igoerako final fourrerako aukera

Gipuzkoako bigarren mailan, berriz, Hernaniko mutilak ari dira igoera fasea jokatzen, eta final fourrean aritzeko aukerarekin iritsi dira azkeneko partidura. Bosgarren daude, sei garaipenekin; aurreko biek (Eibar eta Casa de la Rioja) baino bat gutxiago. Eibartarren kantxan ariko dira gaur, 14:30etan Ipuruan; eta 7 puntu edo gehiagoko aldearekin irabaziz gero, final fourrean izango dira.

Bi kategorietan, datorren asteburuan jokatuko dituzte final fourraren semifinalak, partidu bakarrera, ondoen sailkatutako taldearen kantxan. Finalak, berriz, maiatzaren 19ko asteburuan izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!