Gaur hasiko dute Herriarteko Txapelketa Astigarragak eta Hernanik, elkarren kontra

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 3a, 00:00

Oihan Legarreta eta Xuban Iturbe izango dira Hernaniren ordezkari, jubeniletan.

Txomiñenen jokatuko dute aurreneko kanporaketaren joanekoa, 20:00etan hasita. Lehia parekatua espero da derbian, eta abantaila hartu nahi dute bi taldeek bueltakoari begira. Hernanin izango da hori, datorren astean.

Hala nahi izan zuen Herriarteko Txapelketaren zozketak, eta aurreneko kanporaketan egin­go dute topo Astigarragak eta Hernanik, eskuzko lehian. Gaur bertan jokatuko dute final hamaseirenetako joanekoa, Astigarragako Txomiñene frontoian, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Lehia parekatua espero da derbian, eta giro bikaina ziurtatuta dago harmailetan.

Kadete mailako partidua jokatuko dute aurrena. Imanol Ormazabal eta Oier Galarraga izango dira astigartarren ordezkariak, eta Ekhi Oses eta Lier Zugasti ariko dira Hernanirekin. Maila politeko lau pelotari izango dira aurrez aurre, baina hernaniarrak izango dira faborito, aurreneko puntua lortzeko.

Hasiera batean, jubenilen partidua da parekatuena. Aimar Zabala eta Xuban Goñi astigartarrek eta Xuban Iturbe eta Oihan Legarreta hernaniarrek neurtuko dituzte indarrak, eta urduritasuna eta kantxa faktorea garrantzitsuak izan daitezke.

Nagusietan, kontrara, asti­gartarrak izango dira faborito, Aimar Mujikarekin eta Oier Gurutzealderekin, printzipioz. Xabier Apaolaza eta Josu Altuna izan­go dira hernaniarren ordezkariak, Markel Lizeaga atzelariak ez baitu jokatzerik izango. Baja da Oier Azpeitia hernaniarra ere, jubeniletan. «Ezinbestekoa da biak berreskuratzea datorren astebururako, txapelketan urrutira iritsi nahi badugu. Horretarako taldea badaukagu aurten», adierazi dute Hernaniko taldetik.

Bi taldeek lortu nahi dute abantaila gaur, Txomiñenen, datorren astean Hernanin jokatuko den bueltakoari begira. Gaurkoan bi garaipen lortzen dituenak, pauso haundia emango du final zortzirenetara sailkatzeko, baina bueltakoan erabakiko da dena.

 

GRABNIko finaletan bihar, Jon Jara eta Unax Manterola

Bihar ere izango dituzte hitzordu garrantzitsuak, bailarako es­ku pelotariek. Izan ere, GRABNI txapelketaren finalak jokatuko dira, eta horietan ariko dira Jon Jara eta Unax Manterola hernaniarrak, biak ere trinketean, Gipuzkoa ordezkatuz.

Eskuz banaka ariko da Jara, 22 urtez azpikoen finalean. Murillo nafarra izango du kontrario, goizeko 11:00etan hasita, Gasteizko Astronomos trinketean. Sailkapen fasean, hernaniarra nagusitu zitzaion nafarrari (40-30), baina partidu parekatua es­pero da, bi pelotariek oso antzeko joko maila erakutsi baitute azkeneko urteotan.

Partidu hori bukatutakoan jokatuko du Manterolak, eskuz binaka, 22 urtez azpikoetan. Alde Zaharrako Sorondo izango du bikotekide, eta Iparraldeko Karrikarten eta Irazokiren aurka ariko dira. Kontrarioak dira faborito, ez baitute partidurik galdu txapelketa osoan. Manterolak eta Sorondok 23-40 galdu zuten haien kontra ligaxkan. Edonola ere, txapelketak aurrera egin ahala bere maila hobetu dute gipuzkoarrek, eta finalerdietan partidu zaila irabazi ondoren, ezustekoa eman nahi dute bihar.

 

Semifinaletan ariko da Iker Salaberria

Goizuetarrak 22-16 menderatu zuen Egiguren, eta bere multzoko lider bukatu du, B Serieko Buruz Buruko Txapelketan.

Semifinaletarako txartela zeukan jokoan Iker Salaberriak, asteazkenean Tolosan, B Serieko Buruz Buruko Txapelketan. Baina kantxara atera aurretik ziurtatu zuen pasea goizuetarrak, Iosu Eskirozek 22-17 menderatu baitzuen Iraitz Zubizarreta. Emaitza horrek semifinaletarako txartela eta lasaitasuna eman zizkion aldi berean, eta partidu haundia jokatu zuen Salaberriak, Julen Egiguren azpeitiarraren kontra. 

A multzoko lider izatea zeukaten jokoan, eta goizuetarrak bukatu du aurreneko postuan, 22-16 irabazita. Seina berdindu ondoren, oso nagusi izan zen Salaberria jokoan, eta 15-8 egin zuen ihes. 16-14 gerturatu zitzaion Egiguren, baina bere joko onena berreskuratu zuen goizuetarrak azkeneko tantoetan.

Semifinaletan, Iker Larra­zabal edo Beñat Senar izanen du kontrario Salaberriak. Maia­tzaren 10ean argituko da hori, eta hilaren 18an edo 19an jokatuko du semifinala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!