Gaur arratsaldean hasiko da berritasunez jositako Sagardoaren Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 2a, 00:00

Astelehenean aurkeztu zuten Sagardoaren Txapelketa, Oronan.

Bikote bakoitzak prestatzaile fisiko bat izango du kapitain modura, eta erremontearen historian lehenengo aldiz txartelak ateratzeko aukera izango dute epaileek. Partiduak ostegun gauetan ikusi ahal izango dira ETB1eko 'Erremontari' saioan.

Gaur arratsaldean hasiko da aurtengo Sagardoaren Txapelketa. Bi partidu ikusteko aukera izango da gaurko jardunaldian, 18:30etatik aurrera, Galarretan: aurrenekoan, Urriza eta Martirena (Abu­ruza), Ezkurra II.aren eta Azpirozen (Alorrenea) aurka arituko dira; bigarrenean, aldiz, Segurola-Larrañaga (Petritegi) bikoteak Aldabe-Juanenea (Gurutzeta) bikoteari egin beharko dio aurre.

Guztira sei bikote arituko dira Sagardoaren Txapelketa berrituan, eta denek denen aurka jokatu beharko dute hasierako ligaxkan. Lehenengo fasea gaurtik ekainaren 13ra luzatuko da, eta zazpi jardunaldi izango ditu. Ligaxka amaitzen denean, lehenengo lau postuetan dauden bikoteek egingo dute aurrera.

Finalaurrekoak jardunaldi ba­karrean erabakiko dira, ekainaren 20an. Ligaxkako lehenengoak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarrenak hirugarrenaren kontra. Kale edo baleko partiduak izango dira, eta bi bikote irabazleak sailkatuko dira San Joan egunean jokatuko den final haundira.

Partidu guztiak set formatuan jokatuko dituzte erremontariek, 15 tantoko bi jokotara.Hala beharko balitz, 5 tantora jokatuko dute partidua erabakitzeko seta.

Galarretara bertaratzeko aukerarik ez dutenentzat, aurtengoan ere ETB1eko Erremontari saioan partidu guztiak ikusteko aukera izango da. Ostegunetan eskainiko dute saioa, gaueko 22:30etan hasita.

Berritasunen urtea

Sagardoaren Txapelketa azalberrituta iritsi da aurtengoan. Hasteko, erremontariek ez dute lehiaketako ibilbidea bakarrik egin beharko; izan ere, botilero lanetan prestatzaile fisiko bat izango dute. Taldeko kapitain lanetan arituko dira Aritz Altadill, Iñaki Lekuona, Egoitz Carrion, Igor Arruti, Axier Arteaga eta Patri Espinar. Kapitainen funtzioa euren taldeko erremontariei errendimendu onena lortzen laguntzea izango da.

Horrez gain, erremontearen historian estreinakoz, epaileek txartelak erabiltzeko aukera izango dute. Partiduei bizitasuna emango dieten zenbait arau txertatu dituzte txapelketan, sakea egiteko denborarekin lotutakoak. Sakea egin behar duen bikoteak gehienez 30 segundu izango ditu pelota jokoan jartzeko. Denbora hori betetzen ez badute, hiru abisu aplikatuko dira: urdin koloreko txartela (komunikazioa), hori koloreko txartela (sakearen galera) eta gorri koloreko txartela (tanto baten galera). Era berean, errestatu behar duen bikoteak 20 segundu izango ditu lekua hartzeko. Hortik aurrera, legezkoa izango da sakea egitea.

Txartelak beste zenbait egoeratan ere aplikatu ahal izango dira; epailearekiko errespetu faltetan, esaterako.

SAGARDOAREN TXAPELKETA

ABURUZA

Urriza-Martirena

Kapitaina: Aritz Altadill

 

OIALUME ZAR

Loitegi-Barrenetxea IV

Kapitaina: Iñaki Lekuona

 

GURUTZETA

Aldabe-Juanenea

Kapitaina: Egoitz Carrion

 

PETRITEGI

Segurola-Larrañaga

Kapitaina: Igor Arruti

 

BEREZIARTUA

Ansa II-Zubiri

Kapitaina: Axier Arteaga

 

ALORRENEA

Ezkurra II-Azpiroz

Kapitaina: Patri Espinar

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!