Mobilizazio ugari izango dira gaur, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 1a, 00:00

Nazionalak izango dira aurtengo manifestazio guztiak.

Sindikatu eta Kontseilu nagusiek eguerdian egingo dituzte mobilizazio nazionalak, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. 

Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, mobilizazio eta manifestazio ugari antolatu dituzte Euskal Herriko sindikatu eta kontseilu nagusiek. Aurtengoan nazionalak izango dira ekitaldi guztiak, eta bailarako ordezkaritzetatik hiriburuetako manifestazioetara joateko deialdia egin dute. 

LAB: 'Langile borroka 
zabaltzen'

LAB sindikatuak egun osoko egitaraua antolatu du, Iruñean. Goizeko 11:00etan Gazte Blokea abiatuko da Trinitarios aparkalekutik, eta manifestazio nagusia 11:30etan irtengo da Gazteluko plazatik. Ekitaldia Anaitasuna kiroldegian izango da, eta Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko bozeramaileez gain, Palestinako sindikalistek eta MFSko idazkari nagusiak, Pambis Kyritsisek, hartuko dute hitza. Arratsaldean bazkariarekin eta kontzertuekin izango du jarraipena aldarrikapen egunak. 

ELA: 'Antolatu, borrokatu, irabazi'

ELA sindikatuak, iazko modura, bi manifestazio nazional antolatu ditu gaurko. Biak ordu berean abiatuko dira, goizeko 11:30etan; bata Bilboko Jesusen Bihotzatik eta bestea Iruñeko Gurutzeko plazatik. Lau aldarrikapen nagusi mahaigaineratu nahi ditu ELAk: «Enpresen etekinak haunditu dira; langileen lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute; gobernuen konplizitatea; eta ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatiboen falta».

EHKS: 'Badago alternatiba. Langile boterea eraiki'

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Bilbon egingo du aurtengo manifestazioa. Jesusen Bihotzatik aterako dira sozialistak, eguerdiko 13:00etan. Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak antolatutako autobusa goizeko 11:00etan aterako da, Biteri pareko autobus geltokitik. EHKStik nabarmendu dute gaurko eguna «instituzioetako fartsatik harago alternatiba erreala badagoela adierazteko» erabiliko dutela. 

CCOO-UGT: 'Enpleguaren alde, menos jornada, mejores salarios'

Gaurkoan ere manifestazio deialdi bateratua egin dute CCOO eta UGT sindikatuek. Hiru manifestazio nazional egingo dituzte: Bilbokoa goizeko 11:30etan izango da, Gran Viatik hasita; Donostiakoa 12:00etan, Alderdi Ederretik; eta Gasteizkoa 12:00etan, Andra Mari Zuriaren plazatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!