Hernanik eta Astigarragak elkarren aurka jokatuko dute Herriarteko Txapelketako lehenengo kanporaketa

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00

Txomiñenen jokatuko dute lehenengo jardunaldia.

Maiatzaren 5ean jokatuko dute kanporaketako joaneko jardunaldia, Txomiñenen. Itzuliko partiduak, berriz, maiatzaren 12an jokatuko dituzte. Gomazko paletan ekainaren 2an hasiko dira Hernani eta Astigarraga. 

Hurrengo asteburuan hasiko da esku pelotako eta gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Aurtengoan ere ez da bailarako ordezkaririk faltako, eta ilusioz ekingo diote Hernaniko eta Astigarragako pelotariek txapelketari.

Aste honetan egin dute kanporaketen zozketa, eta eskuzko txapelketan elkarren aurka jokatzea egokitu zaie Hernaniri eta Astigarragari. Txomiñenen jokatuko dute lehenengo jardunaldia, maiatzaren 5ean; itzuliko partiduak, berriz, maiatzaren 12an izango dira, Hernaniko pelotalekuan. 

Gomazko paletako lehenengo kanporaketak ere hurrengo igandean hasiko dira. Alabaina, Hernani eta Astigarraga beranduago hasiko dira, iazko txapelketan lortutako emaitza onagatik. Joanekoa ekainaren 2an jokatuko dute bailarako palistek, eta ekainaren 9an arituko dira Hernanin eta Txomiñenen. 

Udaberriko finalean arituko dira Labaka eta Arsuaga

Bihar goizean, 10:30etan hasita, Udaberri torneoko finala jokatuko dute Aratz Labaka eta Oier Arsuaga hernaniarrek, Ilunpeko Ansola-Urrestilla bikotearen aurka. Torneoko lau pelotari onenen artean jokatuko dute final haundia, eta norgehiagoka berdindua espero da. 

GRABNIko finalerdiak, gaur

GRABNI txapelketan ere partidu garrantzitsuak jokatuko dituzte asteburuan CD Hernaniko bi pelotarik. Unax Manterolak, Sorondorekin batera (Alde Zaharra), Pascual-Sainz (Bizkaia) bikotearen aurka jokatuko du, Mendillorrin. Markel Lizeaga seniorra, berriz, Soraluzeko Muruarekin arituko da Baños del Rio Tobian, Nafarroako Canabal-Cuiaran bikotearen kontra. Lehia estua espero da bi partiduetan, baina gipuzkoarren aldekoak dira apustu gehienak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!