Sagardotegietako 20 bertso sarituko ditu gaur Bota Bertsoa! egitasmoak, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 26a, 00:00
Elene Laburu, iazko sarituetako bat, bere bertsoa Agin aitarekin abesten.

Arratsaldeko 18:30etan izango da sari banaketa ekitaldia. Bertan izango dira Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolariak, eta Larre Gainen kupela.

Bertsoz jantzi dira Urumea bailarako sagardotegiak, aurtengo txotx denboraldian ere. Edizio borobila izan du Bota Bertsoa! egitasmoak aurten, 10garrena, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. Eta asko eta asko izan dira, 'Gaur gaurkoak, bihar biharkoak' gaiari erantzunez bertsoa osatu dutenak. Guztira, 200 bertso inguru jaso dituzte, eta horietatik 20 sarituko dituzte gaur, ekitaldi berezian.

Atsegindegin izango da, arratsaldeko 18:30etan hasita; eta puntako emanaldi irekia prestatu dute, lehiaketa oparoa borobiltzeko. Bertan izango dira Agin Laburu eta Aitor Mendiluze bertsolariak, saioari saltsa jartzeko; eta kupela jarriko du Larre Gain sagardotegiak, bertaratuen gozamenerako. Herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.

Esan bezala, 20 sari banatuko dituzte, mota eta kolore guztietakoak, zein baino zein bitxiagoa: Peloteroenari Saria, Poetikoenari Saria, Uzta Onenaren Saria, Arduratsu Saria, Saiatuenari Saria, Kaligrafia Onenaren Saria, Egi Enpirikoen Saria... Bertso Onenaren Saria ere emango dute, noski. Irabazleek eskuratuko dituzte, besteak beste, sagardotegietan otorduak (Altuna, Astarbe, Bereziartua, Elorrabi, Gurutzeta, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre Gain, Oialume Zar eta Petritegi), sagardo kaxak (Altuna, Altzueta, Akarregi, Ipintza, Lizeaga, Oianume eta Zelaia), Realaren eta Atlético de Madriden arteko futbol partidurako sarrerak, Kukai dantza taldearen 'Txalaparta' emanaldirako sarrerak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!