Duela lau urte bezalaxe, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena Urumea bailaran, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Nagusitasun haundiagoa izan du oraingoan, gainera, bai Hernanin eta bai Astigarragan.
%60,34ko partehartzearekin, botoen %53,67 eskuratu du EH Bilduk Hernanin (5.035 boto guztira). EAJ-PNVk 2.202 boto eskuratu ditu (%23,47); eta PSE-EE izan da hirugarren indarra, 1.027 botorekin (%10,95). Elkarrekin Podemosek 327 boto jaso ditu (%3,49), Sumarrek 308 boto (%3,28), eta PPk 290 boto (%3,09).
Partehartzea pixka bat haundiagoa izan da Astigarragan, %61,03koa zehazki. EH Bilduk lortu du botoen %48,56 (guztira 1.657 boto). Eta Hernanin gertatu bezalaxe, EAJ-PNV (994 boto, %29,13) eta PSE-EE (300 boto, %8,79) izan dira bigarren eta hirugarren indarra. Sumarrek 151 boto lortu ditu (%4,43), PPk (134), Elkarrekin Podemosek (73) eta VOXek (49) baino gehiago.
Esan bezala, bi herrietan areagotu du bere nagusitasuna EH Bilduk. Hernanin botoen %49,05 eskuratu zuen 2020an, eta Astigarragan botoen %43,12.
27na legebiltzarkide, EAJ-PNVk eta EH Bilduk
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, %62,5eko partehartzearekin, oso parekatuta izan dira EAJ-PNV eta EH Bildu; eta parekotasun hori islatuko da Eusko Legebiltzarraren osaketan: 27na legebiltzarkide izango dituzte bi alderdiek. Botoen %99,74 zenbatuta, alderdi jeltzalea izan da bozkatuena EAEn, botoen %35,22 eskuratuta. EH Bilduk botoen %32,51 lortu du.
Aurreikuspenek islatzen zuten bezala, lehia bizia izan da bi alderdien artean. EAJ-PNVk lau legebiltzarkide galdu ditu aurreko legealditik, eta EH Bilduk, kontrara, sei legebiltzarkide gehiago lortu ditu oraingoan.
Aurreko lau urteetan bezalaxe, PSE-EE izango da hirugarren alderdia, ordezkari kopuruari dagokionez, 12 legebiltzarkide eskuratuta, botoen %14,22rekin. Bi ordezkari gehiago eskuratu dituzte sozialistek. Gora egin du PPk ere, ordezkari kopuruari dagokionez. Zazpi legebiltzarkide izango ditu alderdi popularrak, botoen %9,21 eskuratuta. Eta Eusko Legebiltzar berria osatzeko, ordezkari bana izango dute Sumarrek eta VOXek. Elkarrekin Podemosek, aldiz, ez du ordezkaririk izango.
Gipuzkoan (%99,2 zenbatuta) eskuratu du legebiltzarkide gehien EH Bilduk, lurraldeko 25 ordezkarietatik 11 lortu (2020an baino bi gehiago), botoen %40,44rekin. EAJ-PNVk bederatzi legebiltzarkide lortu ditu Gipuzkoan, duela lau urte baino bat gutxiago. Botoen %31,75 eskuratu dute jeltzaleek. Lau ordezkari lortu ditu PSE-EEk (botoen %13,53), eta PPrentzat izan da azkeneko ordezkaria, botoen %6,32rekin.
Sumarrek ez du ordezkaririk lortu, botoen %3,1arekin; eta duela lau urte eskuratutako bi legebiltzarkideak galdu ditu Elkarrekin Podemosek Gipuzkoan, botoen %2,18 jasota.