Gipuzkoako zerga bilketa metatua %4,3 hazi da urrira arte

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 19a, 00:00

Guztira 4.433,5 milioi euro bildu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ogasun eta Finantza sailetik «zuhurtziaz» jokatzeko unea dela esan dute.

Zerga bilketarekin lotutako datuak argitaratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurten, guztira, 4.433,5 milioi euro bildu dira Gipuzkoan, iaz epe berean baino 180,9 milioi euro gehiago. Zerga bilketa metatuak %4,3ko igoera izan du urrira arte.

Beste datu batzuei erreparatuz, sarrera gordinak %2,3 hazi dira, itzulketak %3,6 jaitsi dira, zuzeneko zergak %10,4 igo dira eta zeharkako zergak %0,6 gutxitu dira. Datu horiek guztiek eragin dute bilakaera positiboa izatea.

Aldundiak zerga zehatzei buruzko datuak ere eskaini ditu. Esaterako, Errentaren gaineko zergarekin 132,1 milioi euro gehiago bildu ditu lan etekinen atxikipengatik. Aldundiak kudeatutako BEZari dagokionez, aldiz, 17,7 milioi euro gutxiago bildu dira.

Aldundiko Ogasun eta Finantza sailak datuen irakurketa positiboa egin du, baina zuhurtzia ere aipatu du: «Egungo egoera geopolitikoa zein den ikusita, zuhurtziaz jokatu beharra dago».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!