«Jostailu sexistek gure umeen sozializazio prozesuan daukaten eragina izugarria da»

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 19a, 01:00

Jostailu ez sexistak oparitzen asmatzeko laguntza ematen duzue. Baina, ba al dakigu zein diren jostailu sexistak? Erraz antzematen al ditugu?
Tira, egia esan jostailu sexistak antzematea erraza da baldin eta gure kontzientziazio maila altua bada eta hau pedagogia feministan oinarritzen badugu. Horrexegatik da hain garrantzitsua jostailu bat sortu edota erosi aurretik irizpide sinple batzuk kontuan hartzea eta, nola ez, gerora umeekin batera jostailu hauekin jolastea. 
Jostailu sexistek, gure umeen sozializazio prozesuan daukaten eragina izugarria da. Hauek sistema heteropatriarkalak bultzatzen dituen balore matxistak eta diskriminatzaileak 
transmititzeko eta sostengatzeko balio dute, horrela produkzio/erreprodukzio dikotomia indartuz. 
Beraz, jostailu sexistak genero des­ber­din­ta­sunak aise markatzen dituzten jostailuak dira. Alegia, “gizon” eta “emakume” izateko eredu bakarra (eta patriarkala) irakasten eta egungo jendartean existitzen den genero zatiketa birproduzitzen laguntzen dutenak. Horregatik dira desegokiak; estereotipoen bi­tar­tez pertsonen harremanak, gaitasunak, abi­le­zia sozialak eta abar baldintzatzen dituztelako. 
Eta horregatik nire ustez, bada ordua “nesken” eta “mutilen” jostailuak “pertsonen” jostailuetan bilakatzeko. Eta lan hortan helduok daukagu erantzukizuna!

Eta jostailu ez sexistak? Nolakoak dira? Zeri erreparatu behar diogu?
Ba jostailu ez sexistak, aldiz, sexuari lotutako genero rolak eta estereotipoak errepikatzen ez 
dituztenak dira. Genero performatibitateak oso modu zurrunean garatzen dituen gaitasunak baino askoz gehiago lantzeko aukera ematen dutenak, hanka artean daukagunari erreparatu 
gabe.
Umeei eredu zabal eta ez itxietan jolasteko aukera eman behar diegu, horregatik, batzuetan zaila bada ere, oso beharrezkoa da eredu berriak eskaintzea.
Bestetik, jostailu ez sexisten bitartez generoei “dagozkien” bestelako balore positiboak bultzatzea ere interesgarria da. Batez ere, historikoki emakumezkoekin lotutako baloreak; esaterako, pertsonen arteko zaintza, emozioen kudeaketa, enpatia, kolektibotasuna eta abar.
Laburbilduz, umeei haien identitatea integralki garatzeko espazioak, baliabideak eta denborak eskaini behar dizkiegu, eta hori lortzeko, hezkuntza komunitate osoan, jostailu (ez) sexisten zein beste baliabide pedagogikoen inguruko hausnarketa indibiduala eta kolektiboa egitea oinarrizkoa da.

Zein eragin du umeengan mota bateko edo besteko jostailuak erabiltzeak?
Lehen aipatu dudan bezala, eraginak itzal handikoak dira. Ez bakarrik jostailuek elementu segregatzaileak eduki ditzaketelako, baizik eta hauen erabilera desegokia izan daitekeelako. 
Askotan horrelako gaietan murgilduta gabiltzanok beti errepikatzen dugu berdina: Jostailuak ez dira zertan sexistak izan behar, sexista dena gehienetan erabilera bera da. Eta berez egiaztapen hau egia da. Jostailuek ez dute sexurik, baina pertsonok jostailu horren inguruko pertzepzioari lotutako erabilera ze­hatz bat proposatzen diogu umeari (inplizituki dagoen hizkera, gorputz adie­razpena, moduak, arauak eta beste hainbat elementuekin), eta hor dator hanka sartzea. 
Helduok daukagun “motxila kulturala” oso kutsatua dago eta umeen irudimena askotan baldintzatzen dugu gure mundua inter­pretatzeko moduagatik.
Umeek jostailu mota anitzekin jolastu behar dute: ariketa fisikoa bultzatzen dutenekin; zen­tzu­men guztiak estimulatu egiten dituztenekin; jo­las sinbolikoak ahalbidetzen dituztenekin; me­mo­ria, logika eta pazientzia lantzen dituz­te­nekin; garapen motoreari laguntzen diotenekin; norberaren zaintza eta besteena balio zentral bezala kontuan hartzen dutenekin…

Sexuaren araberako bereizketa gero eta nabarmenagoa da gaur egun?
Ez nuke esango gaur egungo bereizketa kua­li­ta­ti­bo­ki nabarmenagoa denik, zeren eta bereizketa his­torikoa da, beti egon da hor. Botere ha­rre­ma­nak, indarkeria, lehiakortasuna eta beste hainbat estrategia diskriminatzaileak zoritxarrez aspal­di­tik direla gure kulturaren parte. Baina bai egia da, gaur eguneko globalizazioa eta sistema neo­li­beralen ondorioz geroz eta jendarte indi­bidualistago batean bizi garela. Eta bereizketa zein etiketatzea sistema soziopolitikoen banderapean inskribatu egiten dira. 
Argi dago, egungo sistemen helburua boterea gutxi batzuen eskuetan mantentzea dela, eta horretarako zapalkuntzak eta hauen “modus operandi” den bereizketa bultzatu egiten ditugu etengabe.
Hau guztia pixkanaka-pixkanaka eta oso modu sutilean gure buruetan sartzeko, industria kulturalek lan handia eta askotan ikustezina egiten dute. Hor fokalizatu beharko genuke hau guztia.

Nola egin aurre publizitateak haurrengan sortzen duen eraginari? Nola konbentzitu umea, beste jostailu mota batzuk ere modakoak edo dibertigarriak direla?
Hau bai lan zaila! Ba ezkorra badirudi ere, ez dut uste publizitateari aurre egiteko botere eta 
ahalmen askorik daukagunik. Gainera, ez dut uste publizitateari hau guztiaren errua bota behar diogunik. Eragina dauka, bai, baina denok gara hezitzaile, ez soilik telebista.
Kasu honetan, gu izan behar gara giltza eta eredu. Helduok autokritika eta gure buruaren inguruko barne hausnarketa sakon bat egin beharko genuke. Gure jarrerak, portaerak, gorputz adierazpenak, aisialdi moldeak, janzkerak, hizkerak eta abar aztertuz gero, eta generoak gugan daukan izaera mugatzaile hori aitortuz gero, askoz errazagoa izango zaigu umeei eredu berriak eskaintzea.
Guk ez ditugu umeak konbentzitu behar, guk geure burua baizik. Gainera, argi dago umeak telebistak kutsatua daudela eta horren kontra joatea frustrantea da oso.
Beraz, inportanteena guk jostailuak hartzea eta umeekin jardutea izango da, eskaini di­tza­kegun eredu berriei erreparatuz. Atera ezazue denok barruan daukagun ume hori eta jolastera!

Zein beste ezaugarriri erreparatu behar diogu haur bakoitzari dagokion jostailu egokia aukeratzeko?
Galdera ona. Ba hainbat ezaugarri hartu beharko ge­nituzke kontuan. Alde batetik, eta pisuzko arra­zoi gisa, adina. Oso garrantzitsua da ume­a­ren adinari erreparatzea bere garapenari ho­be­ren moldatzen zaion jostailua aukeratzeko orduan. 
Adinaz aparte, jostailuak ahalmen kognitibo, afektibo eta sozialetara egokitua egon behar du. Beharrak asetu behar ditu, baina nolabait beti pixka bat haratago joanez.
Bestetik, irudimena eta (elkar)ekintza bul­tzatuko duten jostailuak aukeratzea funtsezkoa da; gainera jostailuak umeari bakarrik zein kolektiboan jolasteko eta parte hartzeko aukera eman behar dio, nola ez! Hainbat jostailurekin konbinatzeko apro­po­sak izan behar dira, eta hauek ez dute zertan konplexuak izan behar. Askotan egitura sinpledun jostailuek fantasia eta irudimena hobeto bultzatzen dute konplexuekin konparatuta. Hala ere, konplexuekin tartekatzea ere gomendagarria da. 
Beste ezaugarri batzuk ere inportanteak dira; umearen segurtasunerako egokiak, materialak ingurugiroarekiko begirunezkoak, konpaktuak eta iraunkorrak, kontsumismoa bultzatzen ez dutenak, lehen aipatu bezala pertsonen arteko tratu onak sustatzen dituztenak, interesgarriak, erakargarriak, atseginak… Baina jostailurik egokiena zera da: ume guztiak zoriontsu haztea (eta heztea) ahalbidetuko duen jostailua, diskriminaziorik egin gabe. n

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!