Iñigo Legorburuk hiru sari berri lortu ditu

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Iñigo Legorburu eta Gotzon Plaza.

'Deba 100 hitzetan' lehiaketan bi hizkuntzetan gailendu da eta Irunen bigarren saria eskuratu du.

Liburuaren egunaren inguruko datak aberatsak izaten dira literatura lehiaketei dagokienean, data horren inguruan erabaki ohi direlako hainbat sariketetako epaiak. Iñigo Legorbururen kasuan, aurtengoan bereziki emankorra izan da astebete baino gutxiagoko epean hiru sari pilatu baititu mikrokontakizun lehiaketetan. Deba 100 hitzetan lehiaketan bi hizkuntzetan gailendu da eta Irunen bigarren saria eskuratu du.

Euskarazko atalean Tenoreak izeneko lanarekin gailendu zen, gerra osteko Eresoinka konpainian jardun ziren bi debatarren aipamenarekin. Sari gisa, 300 euro lortu zituen.

Gaztelaniazko atalean ere Legorburu gailendu zen Aperturas y…klabadak!  lanarekin. Bertan, Jon Esturo debatar xakelariaren istorioa azaltzen du xakearen inguruko hitz bereziak erabiliz. Izan ere, Xake lehen euskerazko liburua Soriako kartzelan idatzi baitzuen Esturok 80garren hamarkadan eta iaz zendu zen. Legorburuk beste 300 euro eskuratu zituen.

 

Irunen itsasargiak hizpide

Euskadiko Itsasargien Lagunak elkarteak urtero antolatzen duen lehiaketan, itsasargiak gai hartuta Legorburuk Hormak lana aurkeztu eta bigarren geratu zen, Ester Aristieta eta Paloma Parra irundarren atzetik, haien gaztelaniazko lanak ex aequo gailendu zirelarik. Orotara, 30 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan, haietako asko estatuko hainbat tokietatik iritsiak.

Legorburuk sari gisa elkartearen liburu, oroigarri eta merchandaisinga lortu zituen eta bere mikrokontakizuna eta beste sarituenak irakurri litezke jada elkartearen webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!